GARA
GASTEIZ
INDARKERIA MATXISTA

Azken hamar egunean bost sexu eraso salatu dituzte Gasteizen

Atzo goizean elkarretaratzea egin zuen Gasteizko Udalak, azken egunetan salatu diren sexu erasoak gaitzesteko. Asteartean jakin zuten beste emakume batek bortxatu egin dutela salatu zuela, abian da ikerketa eta ustezko erasotzailea atxilotuta dago. Bestalde, Deban, 44 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak, Santiago hondartzan adin txikiko bati ukituak egiteagatik.

Abuztuaren 9an, sexu erasoak gaitzesteko Udalak egindako elkarretaratzea.
Abuztuaren 9an, sexu erasoak gaitzesteko Udalak egindako elkarretaratzea. (Jaizki FONTANDEDA | FOKU)

Atzo goizean bost minutuko elkarretaratze isila egin zuen Gasteizko Udalak, azken egunetan salatutako sexu-erasoak «irmoki eta gogor gaitzetsi eta arbuiatzeko». Asteartean jaso zuten azken salaketaren berri: emakume batek bortxatu egin zutela salatu zuen. Udalak atzo bertan jakinarazi zuen abian dagoela ikerketa eta erasotzailea atxilotuta dagoela. Iñaki Gurtubai Zainketen eta Herritarrentzako Zerbitzuen Arloko arduradun politikoak eman zituen halako gertaeren gaineko xehetasunak. Orotara, bost sexu eraso salatu dira azken hamar egunean; «horietako lau bortxaketak izan dira», zehaztu zuen, eta egoeraren larritasuna azpimarratu.

Astearte iluntzean jakin zuten azken salaketaren berri; «datu gutxi daude, baina emakume batek salatu du bortxatua izan zela», adierazi zuen Gasteizko zinegotziak. Atxilotutako 47 urteko gizona epailearen aurretik pasa dela eta honezkero espetxean dagoela jakinarazi zuen.

Aipaturiko erasoa Errota Zahar auzoko «lokal okupatu batean» gertatu zela azaldu zuen Gurtubaik, eta bertan jende gehiago zegoela esan zuen, eta ikerketa abian dagoenez beste ezer ezin zuela esan gaineratu zuen.

BOST ERASO, UDALAREN ARABERA

Atxilotutakoekin Justizia «zorrotza» izatea nahi duela adierazi zuen zinegotziak. Udalaren kontaketaren arabera bost sexu eraso salatu badira ere, Mugimendu Feministak Gasteizko jaietan egindako mobilizazioan jai giroan gertaturiko hamaika erasoren berri zuela esan zuen.

Aipaturiko erasoaz gain, astelehen honetan jakin zuten 35 urteko gizon bat atxilotu zuela Udaltzaingoak bere bikotekide ohiari erasotzeagatik.

Gasteizko Udaltzainek 24 urteko gazte bat atxilotu zuten hilaren 7an, abuztuaren 6ko gauean adingabe bati ukituak egiteagatik. Baita 33 urteko beste gizon bat ere bere bikotea kolpekatzeagatik, Ariznabarra auzoan. Azken kasu honetan, lehenagotik ere erasoen markak zituen emakumeak, Poliziak jakinarazitakoaren arabera.

Udalak emandako informazioak azaltzen duenez, 21 urteko beste gazte bat ere atxilotu zuen Ertzaintzak joan den ostiralean, abuztuaren 6ko gauean Zabalgune auzoko trasteleku batean sexu erasoak egiteagatik.

«LEHEN MAILAKO ARAZO SOZIALA»

Udalak adierazi zuen «gogor gaitzetsi eta arbuiatzen» dituela jazotako sexu-erasoak, eta beren esku dituzten «baliabide psikologikoak, juridikoak, osasun arlokoak, babesa ematekoak eta harrerakoak» emakumeen esku jarri dituela gaineratu zuen atzokoan ere, beste kasu guztiekin egin bezalaxe.

«Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria eta lehen mailako arazo soziala» dela adierazi zuen Udalak, eta konpromisoa hartu zuen «bere eskumenen egikaritzan laguntzen eta lan egiten jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatuak izan daitezen».

Mugimendu Feministak, bestalde, abuztuaren 8an egindako ekitaldian adierazi zuen «nazkatuta» dagoela indarkeria matxista jasateaz, eta azpimarratu zuen «jaietan ere akonpainamendu eta erantzunerako protokoloen beharra» dagoela. «Guztientzat gozagarriak izango diren jaien alde» lanean jarraituko duela aldarrikatu zuen.