GARA
BILBO

Bilboko kaleetan zuzeneko musikak ez du etenik Aste Nagusian

Bilboko konpartsek egitarau ederra prestatu dute Aste Nagusirako. Dozenaka ekitaldiren eta ekimenen artean zuzeneko musikak toki zabala izango du, gauero eskaintza anitzaz eta koloretsuaz Areatzako festa gunea dantzan jarriz. Bihar hasi eta hilaren 24ra arte iragarritako musika eskaintzaren barruan Kafe Antzokia, Bilborock, Plaza Barria, Abandoibarra, Europa Parkea... bezalako lekuetan ere bada hitzordurik.

La Furia Euskalgunean arituko da igandean.
La Furia Euskalgunean arituko da igandean. (GARA)

Arriaga atzealdeko Kaskagorrin hasi eta Udaletxe aurreko Txomin Barullo bitartean 27 konpartsen agertokietan guztira 200 zuzeneko ikusteko aukera izango da, dantza eta algara nagusi izango den gaualdi beroetan.

Algara konpartsan igandetik ostegunera euskaraz abesturiko taldeak izango dira protagonistak. XSakara eta Hofe x 4:40 zabalduko dute zuzeneko menua igande gauean, gurean tokia egiten ari diren bi proposamen ausart. Aurten apustu berezia egin dute Algara konpartsako kideek proposamen gazteen alde, eta Nize, Etxekalte, Zetkin, Txopet, Itzek edo Eire bezalakoak ariko dira oholtza gainean. Era berean, betiko legez, talde beteranoak entzuteko aukera izango da; dagoeneko ohikoa den Akatz taldearen ska reggae beroa, Afrikaren doinu funkeroak, Leihotikan nafarren punk rock eta hardcore melodikoa, eta Ama Say taldearen distortsio eta erritmo eroez dantzatu ahalko da. Egitaraua biribiltzeko, disko jartzaileen saioak izango dira: ENDJ, Jonkass edo Elepunto, goizaldera arte.

SONA HANDIKO TALDEAK

Arriaga antzokiaren atzealdean dago Kaskagorri konpartsa, eta zinez ezaguna da haren dorre handia. Aurten ere Asterix gitarra eskuan ikusiko dugu gaualdi beroetan, eta egitarau indartsua prestatu dute konpartsakideek. Abuztuaren 20ko gauean Bizkaiko Gazte Eguna antolatu du bertan Ernai erakundeak, eta Arene 6 eta Ganibet taldeek osatuko dute gazte bazkariarekin hasiko den egitarau errebeldea. Bestetik, gaur egungo punta-puntako taldeak pasatuko dira dorre azpiko agertokitik, eta Bulego, Mirua, Dupla edo Toc ariko dira zuzenean. Kontzertuekin batera, disko jartzaileak. Eta, nola ez, azken egunean Berpiztu taldearekin erromeria.

Kranba! txosnan ere zuzeneko musikari garrantzi handia eman diote. Okupazioaren aldeko konpartsakideek zarata maite dute, baina inoiz baino askotarikoagoa da aurtengo proposamena.

GAZTETASUNA ETA ESPERIENTZIA

Emanaldi batzuk eguerdian egingo dituzte. Eguzkipean ariko dira Old Time Spooks, edo Danele Sarriugartek eta Miren Narbaizak taularatzen duten “Poperra, Afterra, Utopia” ikuskizuna. Bestetik, gaueko emanaldietan musika aniztasuna nagusi izango da, aipatu bezala. Mice taldearen rock gordinetik, Nakar taldearen post punk elektronikora, Chulera, Joder! taldearen erritmo frenetikoetara edo Mi Buenaventura talderen cunbia berezira.

Txori Barrote, Eguzkizaleak eta Hau Pittu Hau! konpartsek osatzen dute Euskalgunea, eta hiru konpartsek partekatzen dute agertokia. Igande gauean Zibilito Records eta La Furia ariko dira, gaztetasuna eta esperientzia batuz, errima eta erritmoz beteriko gauean. Astelehenean, berriz, talde bakarrak hartuko du agertokia, Lide Hernando musikariak gidatzen duen Bele egitasmoaren txanda izango baita. Eta asteartean Herrialde Katalanetatik datorren Buhos taldearen doinu mestizoekin dantzatzeko aukera izango da. Asteazkenean Garilak 26 taldearen erromeria. Ostegun gauean, dj festa, Elepunto eta Dj Gorriontxu eta Laztanareen eskutik.

Azken urteetan sortu den gune berri bat da Teilape, eta aterki horren azpian Txomin Barullo eta Hordago Abante konpartsa beteranoek babes hartu dute. Udaletxetik gertu kokatuta da gunea, eta bertan izango da zer ikusi eta zer entzun. Azken garaian zer esan handia ematen ari den Kalipotxo taldearekin batera, Hertzainak taldearen bertsioak egiten dituen Txalainak taldearen doinu akustikoak, Ezezez taldearen rock eroa, Old Berri band taldearen bertsio askeak, edo Beranduegi taldearen erromeriaz gozatu ahalko da, besteak beste.

BIZKAIKO TALDEAK NAGUSI

Altxaporrue eta Txinbotarrak konpartsek osatzen dute Kulturgunea, txosnaguneko beste gune klasiko bat. Egitarau ederra prestatu dute bertan, eta Amooma, Zoroen Kluba, Kinkila, Ithaka edo Andoni Oilokiegi ariko dira zuzenean. Emanaldi bat aipatzekotan, abuztuaren 20an ospatuko den Zaunka, Steady Rockets, The Cherry Boppers Meet Patricia Reckless nabarmendu daiteke. 19.30ean hasiko da musika festa Zaunka taldearen rumba jolasti eta kantu akustikoekin, eta 21.00etatik aurrera igoko da intentsitatea funk, blues, ska eta reggae giro beroak nagusituz agertoki gainean. Kulturgunean ere disko jartzaileek izango dute tartea, non jamaikar giroko musika, DJ Desi eta Presi edo Dj Bull musika jartzen ariko diren.

Aixebarri konpartsak, berriz, Rally 48 rap taldea, Alarma Morea, Burutik, eta tributu gauak proposatzen ditu, eta horien artean AC/DC, Judas Priest edo Sorotan Bele taldearen bertsioak Sentinels, Thunderstruck eta Benetan Zoro taldeen eskutik. Rally 48 taldeak Askapeñako eszenatokian ere joko du, kasu honetan Mutiko eta Malakiasekin konpartituz gaua abuztuaren 23an. Agertoki horretan ere, Karam eta Bris, Nikotina eta Raimundo el Canastero, eta Afinkao taldeek joko dute. Aste Nagusiko azken egunean, azkenik, ohiturari jarraituz, Rojo Cancionero ariko da kantu borrokalariez, Marijaiari su eman baino lehen.

Askapeñatik hurbil dago Pa...Ya konpartsaren Txosna. Arriaga atzealdean musika eskaintza handia izango da, eta bi hitzordu nagusi prestatu dituzte bertan. Egurra eta Kitto taldearen kantuak modu elektronikoan entzungo dira After Egurra ta Kitto egitasmoaren eskutik, eta Maloa Brothers talde berriak lehen kantuak defendatuko ditu zuzenean.

Gainera, aipaturiko agertoki guztiez gain, Kaialde, Zaratas, Tintigorri, Triangune, Uribarri, Pinpilipauxa edo Piztiak konpartsetan ere gozatu ahalko da disko jartzaileez eta zuzeneko musikaz.

TXOSNAGUNETIK KANPO

Bilboko Kafe Antzokiak lau kontzertu iragarri ditu. Lehen larunbaterako Angelus Apatrida taldearen emanaldia iragarri dute, metal doinuetan datorren hitzordua oldarkorra. 22an Airu eta Silkat ariko dira, 23an Grande Amore, Pinpilinpussies eta Otoi, eta azkenik, 24 gauean, Axolotes Mexicanos eta Los Chivatos taldeak.

Bilborock aretoan, 17ko arratsean hasi eta 24ra bitartean egunero ospatuko dira zuzenekoak 20.00etatik aurrera, Bilbao Metal Pop-Rock erakustaldiaren 37. edizioan. Bizkaiko 18 taldek joko dute.

Punkrock eta erritmo bizien zaleek ongi dakite Abandoibarrako Itsas Museoaren ondoan kokatua dagoen Nave 9 aretoan ere zuzenekoak prestatu dituztela.

Beti 18.00etan hasiko dira zuzenekoak, igandetan izan ezik, eguerdian izango baitira hitzorduak.

Gitarrak bero eta garagardoak hotz, Commando 9mm, Kinki Boys, Las Furias, Nevadah, Porco Bravo, Streetwise, Zero, edo Txarly Usher y los Ejenplares bezalako taldeak pasatuko dira. Luxu bat!

Plaza Barrian, berriz, Korrontzi, Twinkle Brothers talde jamaikarra eta Paco de Lucia gitarrajotzaileari eskainitako omenaldi kontzertua iragarri dituzte. 23.30ean hasiko dira saioak. Ordu berean, Abandoibarran, Edurne, Nena Daconte, Nøgen. Donostiako Udal Musika Banda, Baron Rojo -bere 45. urteurrenean-, eta Cotiren zuzenekoak hartuko ditu. Azken hau Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin arituko da. Lala Love You ere bertan izango da. Izarok, bere aldetik, “Cerodenero” aurkeztuko du. David Oterok itxiko du egitaraua.

Europa Parkean, gauerdian, Nil Moliner, Tatta, Süne, Los 40 Pop Aste Nagusia eta Fiestazo Megastar izango dira. Horrez gainera, Bilboko Udal Musika Bandak hamar kontzertu eskainiko ditu (12.00etan), Korrontzi eta Baron Rojo bezalako taldeekin Musika klasikoa, bilbainadak, berbenak... hitzorduak nonahi eta noiznahi izango dira, denentzat aukerako.