Gondolari bila ari da Venezia

Belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuz, gondola gidaria izateko ikastarorako deialdia egin berri du Veneziako Udalak. Hauek dira lanbide bitxi honetan jarduteko eskatu dituzten baldintzak.

Venezian 314 gondolari aktibo daude gaur egun.
Venezian 314 gondolari aktibo daude gaur egun. (Christoph SATOREUROPA PRESS)

Veneziak gondolari berriak behar dituenez, “Gondolariaren Artea” ikastaroan parte hartzeko bandoa argitaratu du Udalak. 1.000 euro inguruko kostua du eta harekin, batez ere, «lanbide horri belaunaldi erreleboa» eman nahi diote, tokiko hedabideek jaso dutenez.

Gondolariak izateko hautagaiek ikasgai teorikoak eta praktikoak izango dituzte 40 orduz. Ondoren, lizentzia eskatu eta Venezian egun baimenduta dauden 433 gondolariei batu ahalko zaizkie.

Izena emateko ezinbesteko baldintza batzuk bete beharko dituzte: adinez nagusia izatea, derrigorrezko hezkuntza bukatuta edukitzea, «egokitasun morala», igeriketako ziurtagiria eta osasun ziurtagiria izatea. Ondoren, izangaiek proba toxikologikoak egin eta medikuaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute udal administrazioan.

Kostuak partaideek beren gain hartuko dituzte: 216 euro Udalari eta beste 50 euro Veneziako Gondolarien Elkarteari, gehi 800 euro ikastaroagatik.

Ikastaroko 40 orduetan, arrauna erabiltzen ikasteaz gain, nabigazio kodea, ingelesa eta Veneziako historia aztertu beharko dira.

Gondolariaren diru sarrerak aldagai askoren araberakoak dira: urte batean egiten dituzten bidaiak, orduak, agentzietako kideak diren edo beren kontura lan egiten duten. Ordainsariak 3.000 eurotik gorakoak izan daitezke hilean, hedabideek azaltzen dutenez.

XVI. mendean 10.000 gondola inguru zeuden Venezian, eta gaur egun 433 gondolari besterik ez daude aktibo.

Gondolariaren lanbidea Veneziako historiaren zati garrantzitsua da 1094tik. 11 metroko itsasontzi hauek behe klaseek erabili zituzten hasiera batean, baina gero aristokratentzat ere garraiobide gogokoena bihurtu ziren, bereziki XV. mendean hiriko kale estuetan zaldiak debekatu ondoren.