Ezkurdia eta Albisuk markagailua irauli eta lehen puntua poltsikoratu dute
Arbizuko aurrelariak eta Ataungo atzelariak lehendabiziko partida irabazi dute Caixabank Mastersen, azken txanpan egoera iraulita. Bigarren atsedenaldi luzera 13-18 joan ziren atzetik, eta azkenerako, 22-21 irabazi zuten Jaka eta Martijaren aurka.
Kostatu zaie eta gogotik sufritu dute, baina Ezkurdia eta Albisuk pilatu dute beraien lehendabiziko garaipena Caixabank Masters txapelketan. Garaipen ezin gozoagoa izan zen, bukaeraraino hortzak estutu behar izan baitzituzten, eliteko kirolean oparirik ez dela egiten beste behin berretsita. Hala ere, opari nahikoa izan daiteke Jaka-Martijaren aldetik, partida erabat menderatua izan ostean ez baitziren gai izan partida ixteko zaurgarri zirudien bikote baten aurka. Halakoetan, baina, zaurgarrienak ere erakusten du bere indargunea, eta saiakera bat bestearen atzetik egin ostean, lehendabiziko garaipena ospatu zuten Ezkurdiak eta Albisuk, sailkapeneko zulotik burua apur bat aterata. Orain, Peña II.a eta Zabaleta bikotearekin berdinduta daude eta elkarren aurka jokatuko dute hilaren bukaeran, Urduñan, multzoen faseko azken-aurreko jardunaldian.
Hala, atzoko garaipenak indarra eman dakioke Arbizuko aurrelariak eta Ataungo atzelariak osatutako bikoteari. Izan ere, lehendabiziko atsedenaldi luzera partida estu zela joan arren (11-12), Jaka eta Martija biziago aritu ziren geldialditik bueltan eta bost tantoko errenta atera zuten (13-18). Azken txanpara begira, sentsazioak erreparatuta, urdinek garaipena bideratuta zeukatela zirudienean, ordea, egoera erabat irauli, partida gogotik estutu eta lehen puntua batzea lortu zuten Joseba Ezkurdiak eta Jon Ander Albisuk (22-21).
FINALERDIETAN
Batzuk play-offerako bidea egin nahian eta beste batzuk jada finalerdietan. Herenegun, Gernikako Santanapen, bosgarren garaipena erdietsi zuten Peio Etxeberriak eta Mariezkurrenak, Artola eta Rezustaren aurka (14-22).
Berriozarko atzelariak beste erakustaldi bat eman zuen, batez ere partidaren lehendabiziko zatian, markagailua 1-11 ezartzeraino. Oso sendo aritu zen, pilota gogor astintzen, freskotasunez, eta atzeko koadroetan Beñat Rezusta bezalako atzelari indartsuari kilimak ateratzea lortu zuen, bai eta Iñaki Artola dantzan egitera behartu ere.
Lehen atsedenaldi luzearen ostean, bi tanto pilatu zituzten gorriek, eta horrek partidan sarrarazi zituen (4-12), pilota aldaketarekin euren aukeretan sinesteraino. Beste kolpe batzuk txandakatu ostean, Artolaren sake pare bat eta urdinei goregi joandako pilotakada pare baten ostean, itxuratu egin zuten markagailua (9-13) eta urdinak nekatzen hasi ziren. Halere, defentsako lanetan eustea lortu zuten. Artolak, aldiz, opari gehiegi egin zituen (9 pilotakada galduta).
Zabaleta bihar itzuliko da kantxara
Jose Javier Zabaleta bihar itzuliko da kantxara, Tafallako pilota jaialdian, hilabete pilotalekuetatik at egon ostean. Pasa den uztailaren 13an min hartu zuen Etxarrengo atzelariak, San Fermin festetako desafioko binakako partidan. Atzelari nafarraren lesioaren ondotik, Baikok irabazi zuen jaialdia.
Hainbeste partidaren pilaketaren ondorio nagusietako bat izan zen, eta etxarrengoak, Binakako txapelketako txapeldunak, derrigor, atsedena hartu behar izan du uda betean. Hilabetekoa izan da geldialdia, guztira hamar partida galdu ditu, eskuin bikian izandako zaintiratuaren ondorioz.
Caixabank Masterseko partidetan, lehendabizi Bikuñak -eskuan min hartuta- eta ondoren Arangurenek hartu dute bere lekua, Peña II.arekin bikotea osatuta. Guztira, txapelketa honetako bost partida galdu ditu etxarrendarrak, eta oraingoz, puntu bakarra poltsikoratu dute. Hala, Zabaletak bihar Tafallan jokatuko duen arren, Caixabank Mastersen hilaren bukaeran egingo du debuta, abuztuaren 31n, Urduñan, Ezkurdia-Albisuren aurka, hain zuzen ere, atzo lehendabiziko puntu eskuratu zuen bikotearen aurka. GARA