Balantze energetiko sostengaezin bat
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 2023ko energia kontsumo eta ekoizpen datuak biltzen dituen txostena argitaratu du uda honetan Energiaren Euskal Erakundeak. Ondorioen lehenengo esaldiak laburbiltzen du dena: «EAEko egoera energetikoak ez du aldaketa handirik izan». Alegia, beti bezain kaskarra izaten jarraitu du. Hazi ordez, berriztagarrien ekarpena murriztu da; kontsumitzen den argindarraren %6,6 baino ez da berriztagarrien bidez lortu EAEn bertan. Elektrifikazioan ez da aldaketarik egon, gutxienez, azken bi hamarkadatan, eta deskarbonizaziorako erronka erraldoia izaten jarraitzen du, bereziki garraioaren sektorean, zeinak petrolio kontsumoaren %90 hartzen baitu. Azkenik, kanpo dependentzia areagotu egin da, autohornikuntza tasa %8,7koa baino ez delako. Gainontzekoa atzerritik dator, eta gehiena krisi klimatikoa larritzen duen energia fosila da.
Egoera latz honen barruan bada esperantzarako albiste bat. Izan ere, 2023an, azken energia kontsumoa %7,2 murriztu zen, aurreko urtearekin alderatuta. Negu onbera batek izango zuen zerikusirik, baina baita 2022an krisi energetikoari aurre egiteko ezarri ziren kontingentzia planek ere. Europako Batasunak aginduta onartu ziren helburu horiek gauza bat erakusten dute: posible da planifikazio baten bidez energia kontsumoa modu nabarmenean murriztea. Alegia, posiblea da modu ordenatuan desazkunde eszenatokiak ezartzea.
Kontsumoaren murrizketa ezinbestekoa da krisi ekologikoari aurre egiteko, baina ez da nahikoa. Era berean, oraingo egoera sostengaezina dela adostea erraza da. Kontsentsu bila, hemen abiapuntua. Atzerritik datorren energia fosilean oinarritutako ekonomia bat ez da bideragarria, ezta justua ere. Honek ez du esan nahi iristen diren proiektu berriztagarri guztiak onartu behar direnik automatikoki; alde erraldoiak daude proiektu desberdinen artean, bai ingurumen inpaktuan, baita negozio-ereduari dagokionez ere. Erronka energia iturria aldatzetik harago doa, gainera. Baina abiapuntua gaurko egunkarian jasotzen dena da, eta ezin zaio errealitate gordin horri modu arduragabean bizkarra eman.