Surflari ernegatua

Irizpideak egokitzen

Pasa den astean orriotan idazten ditugun artikuluetan «euskal surflariak» izendatzeko irizpide berriak ezarri ditudala azaldu nuen. Lehen pertsonan mintzatu nintzen, irizpide aldaketak soilik atal honi eragingo baitio, gainontzean, kirolen sailean surf albisteak ematen dituztenean ohiko irizpideekin jarraituko dute. Ni ez noa besteen irizpideak zeintzuk diren azaltzera, aitzitik, nireak zeintzuk diren eta zergatik aldatu ditudan azaltzen saiatuko naiz.

Duela 14 urte atal honetan idazten hasi nintzenean iparraldeko surflariak eta neskak ezagutzera emateko erronkari ekin nion. Besteen artean Pauline Ado goratu nuen, elkarrizketa egin nion eta txapelketetan lortzen zituen emaitzak nabarmentzen nituen. Ado hendaiarra da, baina ez da euskalduna, ez du euskaraz hitz egiten eta bere burua frantses bezala aurkezten du, horregatik, surflari batzuek ez zuten bat egiten nire irizpidearekin. Gipuzkoa edo Bizkaiko surflari batzuk euskaldunak izanda ere, euskaraz hazi eta bizi ziren arren, haien burua «munduko hiritar» gisara aurkezten zuten, eta beste batzuek, argiago hitz eginez, haien burua espainol moduan aurkezten zuten. Horientzat guztientzat «euskal hiritar» kontzeptua erabiltzen hasi nintzen, haien sentimenduez harago, Euskal Herrian hazi edo bizi ziren surflariak baitziren. Ordea, jasotzen nituen kritiken arabera horiek ziren egiazko «euskaldunak», ez zuten ulertzen Ado eta gainontzekoak zaku berean sartzea.

Urte asko pasatu dira, baina surflarien errealitatea ez da asko aldatu, normala den bezala denetik dago, gehienek «munduko hiritar» direla diote, beste batzuek ez dute erreparorik espainolak direla esateko, eta ia inork ez du bere burua soilik euskaldun gisara aurkezten. Ordea, euskal komunikabideen aldetik aldaketa garrantzitsu bat gertatu da, Lapurdiko surflarien emaitzak ere kontuan hartzen baitituzte, eta «euskal surflari» edo «surfista vasc@» bezala aurkezten dituzte. Gutxi gorabehera ni duela hamalau urte erabiltzen hasi nintzen irizpideak erabiltzen hasi dira, baina ez dituzte «euskal hiritar» deitzen, zuzenean euskaldun gisa aurkezten dituzte.

Ondorioz, beste urrats bat egiteko unea iritsi dela uste dut. Joko Olinpikoak amaitu dira eta datozen lau urteetan WSLko txapelketak izango dira garrantzitsuenak. WSLko lehiakideek eta epaileek zein herrialde ordezkatu nahi duten aukera dezakete. Eskoziarrek, tahitiarrek, hawaiiarrek edo euskaldunek haien bandera hautatzeko eskubidea dute. Horregatik, emaitzak ikusten ditugunean, ikurrina hautatu duten surflarien kasuan, «basque country» eta ikurrina agertzen dira. Badira euskaraz hitz egiten duten arren ikurrina hautatzeko tramitea egin ez dutenak eta bandera espainola dutenak, ikusle asko harritu egingo da, baina haien nahia errespetatu behar da, ikurrina hautatzen dutenena errespetatu behar den bezala. Irizpide baztertzailea dela esango dute euskaldunoi euskaldun gisa jarduteko eskubidea ukatzen digutenek, baina haiek esango dutenaren beldur bagara jai daukagu.