Ane URKIRI ANSOLA
DONOSTIA
ARRAUNA

Urrezko zigilua lortu du Lugañenek eta sasoi ona berretsi du Kaiarribak

Historia egin du “Lugañenek”, inoizko Euskotren liga luzeenean denboraldiko hamabost banderak bereganatuta. Zarauzko ikurrina ere irabazi zuen Arraun Lagunak-ek, eta gizonezkoetan, Donostiarrak lortu zuen azken asteetako lan ona biribiltzea.

Arraun Lagunak-eko eskifaia, Zarauzko ikurrinarekin.
Arraun Lagunak-eko eskifaia, Zarauzko ikurrinarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zarauzko bi ikurrinak, emakumezkoena eta gizonezkoena, Donostiara joan ziren atzo. Bata, Martuteneko Lugañene baserrira, denboraldiko beste hamalauekin elkartzera, 2024ko trapu guztien bilgunera -bertan daude aurtengo Gipuzkoa, Euskadi eta Espainiako txapelketakoak ere-; bestea, estreinakoa izan zen Kaiarribarentzat, denboraldi latz baten ordainsari gisara.

Urrezko hizkiekin idatzi du aurtengo kapitulua Arraun Lagunakek, bere hirugarren liga konkistatuta. Aurreko biak (2021ekoa eta iazkoa) oso lehiakorrak izan ziren, Oriorekin parekotasun handia zegoelako, baina aurten ez du areriorik izan, ez behintzat liga borrokatzeko. Estropadetan izan du lehiarik, baina gehienetan azken metroetan salbatu du izan ditu korapilo gehienak. Hamabost banderak, guztiak, bereganatuta, zaila da «bikaintasun» adjektiboa saihestea, baina hain eraman dute erronka muturrera, ezen hamaseigarren estropadan azkarrenak ez izateak «pena puntua» ere utzi baitu, are historikoagoa izango zelako Lugañeneko ontziaren jarduna. Tolosaldeak kendu dio ohore hori, gainera lehen txandan arituta, herenegun bosgarren bukatu ostean, Hondarribiaren atzetik.

Bihurri zegoen Zarauzko itsasoa eta Tolosaldeak ongi baliatu zuen bere erlojupeko partikularra, Hibaika, Cabo eta Tiran -maila galduta- segituan atzean utzi ostean. Erreferentzia ona markatu zuen, estropada irabazteko bezain ona. Oriok agindu zuen brankan eta Tolosaldearen denbora baino hiru segundo gehiago behar izan zituen ziabogaraino. Sekulako luzea egin zuten oriotarrek, baina poparean atzean geratu ziren, bi ontzi donostiarren arteko lehia ikusgarritik aldenduta. Norgehiagoka berezi honetan, dantzan aritu zen erreferentzia, Kaiarriba eta Lugañeneren artean, eta Arraun Lagunak helmugara heltzen lehena izan zen arren, ezin izan zuen Tolosaldearen denbora hobetu; halere, bereganatu zuen Zarauzko ikurrina, herenegun lortutako zortzi segundoko errenta ongi probestuta.

NORTASUNEZ

Larunbateko errentari onurarik atera ez ziona edo itsasoaren baldintzak horretara lagundu ez ziona Urdaibai izan zen. Lau segundoko aldea ezarri zuen Donostiarrarekiko, baina jardunaldi erabakigarrian Kaiarribak mahaian kolpea eman zuen, azken asteetako sasoi ona garaipen batekin berretsita. «Klubaren historiako garaipenik handiena da», esan zuen, aho bizarrik gabe, Igor Makazaga entrenatzaileak, arraunlari bezala Zarautzen garaipen bakarra eskuratu zuela gogorarazita, duela 27 urte.

Emozio asko mugitu zituen Donostiarraren garaipenak, sasoi latza izaten ari baita. Hunkituta hitz egin zuten Makazaga zein Joxe Leibar arraunlariek ETBko mikrofonoen aurrean, beraien taldekide Ioritz Orbegozo eta udara hasieran zendu zitzaion anaia gogoan izan zituztela. Kolpe handia izan zen eta, nolabait, sasoi hasiera ere baldintzatu zien. Hala ere, behin martxa hartuta, zazpigarren jardunalditik aurrera apenas jaitsi dira podiumetik, eta atzo lortu zuten borroka gogorraren saria: Zarauzko ikurrina astintzea.

Txanden artean dantza handia egon zen -Lekittarra, lehen kaletik, bosgarrena izan zen eta Orio, bigarrenetik, laugarrena-, baina ohorezko txandako onenek apenas huts egin zuten. Zierbenak salbu, Zarautzen ahuldadea erakutsi eta Donostiarrak sei puntu jan baitzizkion.

Kaiarriba ideia sendoarekin hasi zen arraunean eta Bou Bizkaiarekin batera iritsi zen lehen ziabogara; poparean are indartsuagoa izanda, laugarren kalean mantenduta, aldeak ireki zituen, eta brankan, Urdaibaik zerbait jan zion arren, azken luzean, Arkaitz Diezek nortasuna erakutsi, desafioa onartu eta istriborrera jo zuen, herenegungo lau segundoak irauli eta garaipen preziatua ospatzeko.