Ane URKIRI ANSOLA
BIZKAIA TORNEOA

Ekimenari eta bizitasunari esker, Baikoren Sollube taldea txapeldun

Baikoko pilotariak nagusitu dira Bizkaia Torneo berrituan, set-etara jokatu den aurrenekoan. Peña II.ak 3-1ekoarekin garaitu zuen Ezkurdia Lau eta Erdikoan, eta segidan Laso-Mariezkurrenak irabazitako partidak (3-0) garaipena eman zion Bilboko enpresari.

Jon Ander Peñak Lau eta Erdiko partida irabazi zuen Ezkurdiaren aurka, 3-1eko markagailuarekin.
Jon Ander Peñak Lau eta Erdiko partida irabazi zuen Ezkurdiaren aurka, 3-1eko markagailuarekin. (Jon URBE | FOKU)

Estreinakoz Bizkaia Torneoan ikusi ditugu esku-huskako partidak set edo jokoen bitartez erabakitzen, zesta punta edo tenisa balitz bezala. Hautsak harrotu zituen formatu berri honek, txapelketa ofizialetarako baztertu egin behar dela ere uste dute pilotariek, baina berritasunak izan du bere zirrararik ere.

Partidetako iniziatiba eta bizitasuna erabat aldatu du, set bakoitza irabaztearen garrantziaz jabetuta. Partida gutxienez hiru aldiz berrastea bezala da eta formatu horretan, atzo arratsaldean, Aste Nagusi betean zegoen Bilboko giroan, Baikoko pilotariak nagusitu ziren.

«Formatu honetan garrantzitsuena da partidatik ez ateratzea, une oro kontzentratua egotea», esan zion Bakaikoak Peña II.ari, bigarren jokoa galtzear zegoela. Tolosarrak sendo hasi zuen Lau eta Erdiko partida, Ezkurdiaren aurka, baina kale egin zuen bigarren set-ean. Oiz taldeak berdindu egin zuen, baina Arbizukoa dematik atera zen, partida bukaeran berak onartu legez: «Ez dut sentitu partidan sartuta egon naizenik». Hala, Jon Ander Peñak, hanka bizkor eta gantxo zitalekin, lehendabiziko partida eraman zuen 3-1 markagailuarekin.

Jon Ander Peñak irekitako bidea (4-6, 6-1, 4-6 eta 1-6) errematatu beharra zeukaten Binakakoan, baldin eta bideratua zegoen finala katramilatzea nahi ez bazuten. Dema kitzikagarria espero zen Bizkaia pilotalekuan, beste behin Unai Laso eta Jokin Altuna aurrez aurre, Zarauzko norgehiagoka gogorraren ostean errekuperatzeko apenas tarterik gabe; are gutxiago Amezketakoak, herenegun Tafallan aritu baitzen Peio Etxeberria eta Zabaletaren aurka.

Igarri zitzaion freskotasun falta hori amezketarrari, baina gehienbat, bikote gisa Laso eta Mariezkurrenak osatutako konexio sendoa izan zen partida Baikok irabaztearen gakoa. Beñat Rezusta ongi sartu zuten atzean, bergararra pilotaz kargatu eta Altuna III.a jokoz kanpo lagatzeko estrategiarekin. Tarteka sartu zen gipuzkoarra jokoan eta sartu zen apurretan harmailak altxarazi zituen. Bere magia utzi zuen lehen jokoan gorrien tanto bakarra egiteko (1-6) eta bigarren setean Mariezkurrenaren akatsak gehiago izan baziren ere, Altunak irabazi zuen desiratzen zegoen protagonismoa.

«Bigarren set hori, 5-5ekoarekin, beraien alde erori izan balitz, agian beste zerbait gerta zitekeen; hori dauka formatu honek. Zorionez, gure alde erori da eta hirugarren jokoan ongi hasteak konfiantza eman digu partida ixteko», esan zuen Jon Mariezkurrenak.

KIDE ETA LAGUNAK

Partida hasieran ilusioa nabari zitzaion bere kide eta lagun Unai Lasorekin bikotea osatzeagatik. Gutxitan ikusten ditugu elkarrekin jokatzen eta atzo, bien ezaugarriak batuta, bikote indartsua osatu zuten eta lehen aldiz final batean, Altuna-Lasoren arteko lehia Baikoren alde jausi zen, Bizkaia Torneoa bereganatzeko.

Lehen set-a 1-6 eta bigarrengoa 5-6 irabazita, joko bakarra behar zuten urdinek txapela janzteko. Gorriek, bestalde, beharrezkoa zuten irabaztea partida luzatu eta finalean bizirik jarraitzeko.

Kolpe zitalak eman zituen Lasok, gantxo eta horma-bikoz osatuta, bai eta berriro ere Rezusta atzean utzita -bigarren jokoan gehiago kosta zitzaien- eta segituan ireki zituzten aldeak (0-4). Jokin Altunak izan zuen tarterik bere inteligentzia eta bizkortasuna erakusteko, magiaz beteriko bi tanto jarraian eginda (2-4), baina urdinek garaiz erreakzionatu zuten, partidan bete-betean kontzentratuta zeudela erakutsita. Bi tanto jarraian eginda -Rezustak ezin izan zuen eraman 4-5ekoarekin-, txapela irabazi zuten Baikokoek, hirugarren lehiaren beharrik gabe (1-6, 5-6 eta 2-6).