EDITORIALA

Langileen ongizatea ez da lehentasun politikoa

Erretiro adina atzeratzeko politika, teorian, pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatzeko helburuarekin, apurka-apurka nagusitu da. Erreforma erradikalak aurkakotasun handia eta ezinegon bizia sortzen zuen, eta, beraz, agintariek bide progresiboa aukeratu dute, aldi bakoitzean aldaketa txiki batzuk onartzea. Horrela, urrats bakoitzean, erretiroa gero eta urrunago bultzatu zuten. Hainbeste estutu da tartea, ezen langile asko hil egiten baitira desiratzen duten erretiroa hartu aurretik.

Eta baieztapen hori literala da. Hala egiaztatu du Fedea-ren azterlan batek, eta ondorioztatu du erretiro adinaren atzerapenak nabarmen handitzen duela 60 eta 69 urte bitarteko langileen heriotza arriskua, bereziki fisikoki zorrotzak diren edo estres handiagoa duten okupazioetan. Ondorio hori da azterlanaren benetako garrantzia: erretiroa atzeratzeak bizitza kostuak ditu. Ikerketa horretatik abiatuta, heriotza horien eta pentsioen aurrezkien onura edo kostu soziala kalkulatzen saiatu dira egileak. Konparatu nahi izan dituzte konparaezinak diren gauzak, eta tronpatu egin dira. Langile baten heriotza goiztiarra bere familiarentzat eta ingurunearentzat diru aldetik kalkulaezina den galera da. Bestalde, Estatuaren aldetik langile baten bizitza ez da kontuan hartzen, ez du baliorik. Bere finantzetarako, aldiz, win-win egoera bat da: irabazi egiten du, langilea hiltzen ez bada, denbora gehiagoz kotizatuko duelako eta pentsioa geroago kobratuko duelako eta, beharbada, denbora gutxiagoz; eta lehenago hiltzen bada, Estatuak pentsioaren ordainketa aurreztuko du. Hori da aintzat hartzen den kontabilitate bakarra. Bestela, Estatuak alde batera utziko zukeen pentsioetan aurreztea guztiz ezinbestekoa den ideia inozoa. Kalkulu horiekin Estatua konbentzitzen saiatzea bizitzak balio bat duela asmo oneko ekintza da, baina hutsala.

Estatuak pentsioak ordaintzeko gaitasuna du beti, gastu militarra edo kanpo harremanen gastua ordaintzen duen modu berean. Kasu horietan ez da inoiz planteatzen gastu hori jasangarria den edo ez: beharrezkoa da, eta kito. Pentsioekin gauza bera gertatu behar luke. Horretarako, langileen ongizatea lehentasun politiko nagusi bihurtu behar da.