Surflari ernegatua

Youtuberren kultura

Duela 30 urte, surf ikastaroak ematen hasi nintzenean, soilik udan lan egiten genuen, ekainetik irailera. Surf eskolakoa udako lana zen, neguan beste zerbait egin behar zen. Pixkanaka denboraldia luzatzen hasi zen eta hasiera batean udako lana zena ogibide bilakatzen hasi zen. Erabaki bat hartzeko unea iritsi zen, edo ordura arte bezala jarraitu, udan surf ikastaroak ematen eta neguan epe motzerako lanak egiten, edo denbora osoa surf ikastaroei eskaini. Bigarren hautua aukeratu nuen, baina beste zalantza bat sortu zitzaidan: surf irakasle izatea lanbide duina da?

Bizitzeko ezinbestekoa ez den heinean, surf egiten ikastea kapritxo bat da, eta ondorioz, zalantzak nituen gizarteari zerbait baliagarria eskaintzen ote nion. Horregatik, hasi ginen surf eskolan surfaren irakaskuntza modu integralean lantzen. Ingurumenarekiko ezagutza, materialaren ezagutza (konponketak eta sorkuntza) eta heziketa orokorra lantzen genituen. Ordu asko pasa genituen irakatsi nahi genuenari forma ematen. Epe luzera surflari autosufizienteak hezi nahi genituen. Finean, gure ikasleei haien bidea haien kabuz egin ahal izateko baliabideak eskaintzen saiatzen ginen.

Ez dut zalantzarik gure ikasleengan eragin genuela, gurekin ibili ziren gazte haiek eskolan ikasiko ez zituzten gauza baliagarri asko ikasi zituztela, eta bestelako balore batzuk ere ezagutu zituztela, baina orokorrean porrot egin genuela aitortu behar dut. Ikasle haietako gehienak sistemak irentsi baititu, erresistentziarik ezarri gabe.

Gauzak datozen bezala jasotzen dituen surflaria gailendu da, hausnarketarako eta ikasketarako astirik ez duena eta sakoneko auziak ikusteko gai ez dena.

Gure ikasle izandako batzuk Youtubeko kanalean ikusten ditudanean izutu egiten naiz. Ez dut uste youtuber batek bere buruari galdetzen dionik lanbide duina ote duen, baina zertan ari den hausnartu beharko luke, ikusle gehiago izateko edozer egin eta esateak ez baitu etorkizunik.

Bat baino gehiago dira gure surf eskolan hazitakoak, gaur influencer edo youtuber direnak, eta haietako inork ez du kameren aurrean euskaraz hitz egiten. Horrez gain, «lantzen» dituzten gaiak ohikoegiak dira, ez dago eztabaidarik, ezta galdera konprometiturik ere, dena azalean geratzen da. Gu erakusten saiatu ginenaren kontrakoa egiten dute. Horregatik diot porrot egin genuela.

Surfaren ikuspegi bakarra zabaltzen da, alegia, estatubatuarra, eta ondorioz, ikuspegia kapitalista da, zentzu guztietan, baita kulturalean ere. Adibidez, ohartu naiz youtuberrak surflari batek duen «surfaren kultura» maila neurtzeko datuetan oinarritzen direla. Alegia, nork noiz zer irabazi zuen, zein taularekin, zein zen bere babeslea, eta abar. Oso bitxia iruditzen zait, nik kontzeptuei lotua ulertzen baitut kultura, ez zenbakiei. Adibidez, zer esan nahi du “surf” hitzak, nondik dator? Zergatik? Zein bilakaera izan du? Nola? Eta abar. Agian hor huts egin genuen, nolakotasunaren garrantzia azaltzen.