Jon ORMAZABAL
PILOTA

Hiru errioxar ariko dira inoizko sanmateotako feriarik luzeenean

Logroñoko feriak 10 jaialdi izango ditu eta, sanferminetako lehiaketa sistema berarekin, bi aurre-kanporaketa jokatuko dira lehen bi egunetan.

Atzo aurkeztu zuten Logroñon aurtengo azkeneko udako feria.
Atzo aurkeztu zuten Logroñon aurtengo azkeneko udako feria. (LOGROÑOKO UDALA)

Irailaren 20an hasi eta 29an amaitu, hamar esku pilota jaialdi izango ditu orain arte inoiz jokatu den sanmateotako feriarik luzeenak, bederatzi binakako torneoari dagozkionak eta bestea ohikoa den Olioaren Desafioarena. Iruñekoarekin batera, Logroñoko hau da udako torneoetan garrantzitsuena, eta hori horrela, sanferminetako lehiaketa sistema bera erabiliko dute, enpresa bakoitzeko bina bikotek aurre-kanporaketa bat jokatu beharko dutelarik.

Feriari hasiera emango dion partidan, Baikoko Artola-Salaverrik Larrazabal-Imazen aurka jokatuko dute, eta kanporaketa honetan aurrera egiten duen bikoteak A multzoa osatuko du Altuna-Tolosa eta Zabala-Zabaletarekin batera.

Laso-Iztueta eta Peña-Mariezkurrenak osatzen duten taldean ariko dira, ordea, Aspeko aurre-kanporaketa jokatuko duten Ezkurdia-Martija eta Dario-Rezustaren arteko irabazleak. Gauzak horrela, inoiz baino parte-hartzaile gehiago izango ditu aurtengo sanmateotako torneoak, eta lau pilotarirentzat (Salaverri, Tolosa eta bikotea osatuko duten Laso-Iztuetarentzat) Adarragan aritzeko lehen aukera izango da aurtengoa. Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelari nafarra min hartuta egon da azken urteotan, eta ilusioz agertu da giro beroa izaten den torneo honetan aritzeko.

Era berean, hiru izango dira Logroñon arituko diren pilotari errioxarrak; Dario, Zabala eta Salaverri, aspaldiko zenbakirik handiena. Dario Gomezek azaldu duenez, oraintxe giharretako lesio txiki bat du eta horrek zuhurtziaz aritzera behartzen du, berrerortzeko arriskua duelako, baina ez du uste irailaren 21ean, bolada ederrean den Rezustarekin batera, Ezkurdia-Martijaren aurka jokatzeko arazorik izango duenik.

Zabalak, bere aldetik, iazko arantza kentzeko modua izango du berriz ere Zabaletarekin bikotea osatuz. Iaz finalean Ezkurdia-Rezustaren aurka 22-16 galdu zuten, eta aurten ere faboritoen artean dira. Logroñokoarentzat, San Mateo feria «jokatzeko asterik politena da» eta, uda honetan sasoirik egokienean izan ez den arren, «azken 15 egunetan eskuak erabat osatu zaizkit eta gozatzen ari naiz».

MASTERSA BUELTAN

Baina Errioxako feria hasi aurretik, Mastersean ari beharko dute Aspe eta Baikoko pilotariek, gaurtik hasita. Izan ere, larunbatean Urduñan bertan behera geratu zen partida berreskuratuko dute gaur.