Borondate kontua
Artean ezkutuan zebilela, Joseba Sarrionandiari galdetu zion kazetari batek zergatik idazten zuen euskaraz. «Gustatzen zaidalako eta nahi dudalako», erantzun zuen. Hitzez hitz. Ez zuen bilatu bestelako justifikaziorik. Ez zuen esan, adibidez, bere arbasoen hizkuntza zelako egiten zuela. Edo Europako hizkuntza zaharrena zelako. Ez zuen adierazi nolabait behartuta idazten zuela. Borondate hutsean oinarritu zuen bere hautua. Eta horrela, labur esanda, demokraziari deitu zion berari laguntzera etor zedin, zeren «nahi dudalako» hura ez zen kapritxo indibidual baten isla, politikoki eraikitako borondatearen emaitza baizik. Konplexurik gabeko euskaldun batena.
Badirudi oraindik ez dugula gainditu gutxiagotasun-konplexua eta, han-hemenka ibiltzen gara euskararen aldekotasuna justifikatzen zalantzazko oinarria duten argudioak erabiliz. Esate baterako, entzun ohi dugu «Europako hizkuntza zaharrena» omen delako babestu beharko genukeela euskara. Ondo dago norberaren hizkuntzaz harro egotea, baina euskara munduko hizkuntzarik berriena balitz ere, zilegitasun bera izan beharko luke haren defentsak. Eta, ildo beretik, argudio okerra da ere «gure arbasoak» aipatzea euskararekiko atxikimendua justifikatzeko, egunotan irakurri dudan moduan. Nago ez garela ohartzen ere noraino uzten ditugun kanpoan milaka eta milaka euskal herritar, bertan jaioak edo kanpotik etorritakoak, euskaraz egiten dutenak edo euskararen alde daudenak baina arbasoak beste nonbait dituztenak. Eta, azkenik, eztabaidagarria iruditzen zait mende askoan erdaraz bizi izan diren lurraldeak dekretuz «euskararen lurralde» izendatzea, bertako biztanleen iritzia kontuan hartu gabe. Ez da modurik onena euskarara biltzeko.
Bada, eskas deritzogu borondatean oinarritzeari hizkuntzaren erabilera eta zabalpena, baina demokrazian hizkuntzaren babesa eskubide kulturaletako bat izan behar da. Antzinatasun zigilurik ez du behar euskarak, euskal herritarron borondatea baizik. Sinets dezagun hori, denon mesederako.