Ion GARATE - Zuriñe IGLESIAS

EGONKORTASUNAREN ETA IRABAZTEKO GOSEAREN ARTEKO ANBIZIOA

Berriro ere hiru euskal talde lehiatuko dira eskubaloiko Ohorezko Mailan. Zuazok 2023an maila galdu eta, ostean, igoera berretsi zuen iazko sasoian. Zaila izango du itzulera baina, Beti Onak-ek bezala, egonkortasuna bermatu nahi du; Bera Berak, bestalde, irabazteko gosearen anbizioari eutsi nahi dio.

Beti Onak-eko Mariana Costa jokalaria, min hartuta, eta Bera Berako Esther Arrojeria, laguntza eskaintzen, joan den asteko euskal derbian, Atarrabian.
Beti Onak-eko Mariana Costa jokalaria, min hartuta, eta Bera Berako Esther Arrojeria, laguntza eskaintzen, joan den asteko euskal derbian, Atarrabian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal derbi batekin hasi zen denboraldia eskubaloiko Ohorezko Mailan. Atarrabian, ezin leku hobean, eskubaloia sakon arnasten den kiroldegian. Eta azken urteetako gidoia errepikatu zen: Bera Bera nagusi izan eta garaipena lortu zuten donostiarrek (23-35), Beti Onak-en «itxaropen apurrak» txikituta. Zaharrak berri. «Bagenekien zer zegoen Bera Beraren aurka, udaran lagunartekoa ere jokatu genuen beraiekin. Bagenekin partida oso fisikoa izango zela, akats gutxi egin behar genituela. Baina hasieratik kosta egin zitzaigun», onartu du NAIZ Irratian Laida Urbitartek, iaztik Nafarroako taldean ari den oriotarrak.

Iaz iritsi zen Atarrabiako taldera Urbitarte, zilarrezko mailan jokatzetik lehen mailarako jauzia eginda. Asko kosta zitzaion egokitzea, baina aurten jada hasieratik «erosoago sentitzen» da. Oriotarrak ez ezik, taldeak ere jauzia eman zuen txapelketan, liga irabazteko play-offetara sailkatu baitzen, eta bideak hori behar duela berretsi du gipuzkoarrak: «Mailan egonkortzen ari garen seinale ere bada blokea mantentzea, jokalariak taldean mantentzea. Geroz eta gogo gehiagorekin gaude eta helburua, aurrekoa hobetzea da».

Jakina, talde guztien helburua da hobetzen joatea, baina nor bere mailan. Beti Onak-ek bi urtean nolabaiteko egonkortasuna lortu du elitean -bi urteko epeari egonkorra deitu ahal bazaio- eta sailkapenaren erdialdean egotera deitua dagoen taldeetako bat da. Bakoitzak hobetzeko tarte handiagoa edo txikiagoa izango du, baina beti dago zer hobetu, baita Bera Beran ere, nahiz eta iaz estatu mailako hiru txapelketa handiak irabazi. «Aurtengo erronka estatu mailako txapelketetan titulu horiek borrokatzea da, eta, azken urteetan beti esaten dugun bezala, Europa daukagu hor zintzilik. Ez dugu lortzen arantzatxo hori kentzea eta aurten buru-belarri jardungo gara horretan, ea behingoz multzoen fasera iristea lortzen dugun», azaldu du Arrojeriak irratian.

Iazkoa errepikatzeko bidean, gaur bertan ekingo diote erronkari: Iberiar Superkoparekin. Portugalen jokatuko dute -iaz Donostian izan zen- eta bi estatuetako ligetako txapeldun eta txapeldunordeak lehiatuko dira. Lehen garaikurra jokoan egoteaz gain, Arrojeriak badauka beste helburu bat ere. Benficari so jartzea, Europako EHF League kanporaketan izango duten lehen aurkariari, hain zuzen ere. Elx eta Benfica lehiatuko dira Superkopako finalerdian eta bestean donostiarren aurkari izango da Madeira. Hasiera batean, finalean egon behar luke Imanol Alvarezen taldeak.

Berrikuntza asko izan ditu Bera Berak. Jokalari garrantzitsu askok utzi zuten taldea eta, hasteko, ate aurreko gotorlekua nork defendatu berrosatu behar izan du. Lucia Prades eta Tamara Kosticek iritsi dira Donostiara, bai eta lehen lerroko Elba Alvarez, Eszter Ogonovszky eta Francisca Araujo Joao. Marie Louis ezker hegalekoa ere fitxaketatzat har daiteke, duela urtebete belaunean min hartu ostean hasi baita taldearekin lanean. Alde horretatik, Arrojeriak onartu du hasieran «beldur apur» bat sentitu zutela, egokitzapenaren aldetik hizkuntza ere faktore garrantzitsua delako eta «lehen aldiz, gazteleraz hitz egiten ez duten jokalariak iritsi direlako». «Beraien aldetik asko jarri dute, oso irekita etorri dira, gure joko estilora egokitzeko asmo osoz, eta oso ongi egokitu dira. Asko emango digute», adierazi du Arrojeriak, 2013tik Bera Berako lehen taldean dabilenak, urtez urte eskarmentua pilatzen. Denboraldi hasiera «potente» hau garrantzitsutzat jotzen du, onuragarria ere izan daitekeela nabarmenduz, «taldea non egon daitekeen neurtuko» duelako: «Aurre egiteko prest gaude».

LEHEN MAILARI EUSTEA

Baten egonkortasuna eta bestearen anbizioa erreferentzia gisa hartuta itzuli da Zuazo Ohorezko Mailara, urtebetez huts egin ondoren. «Lehen Mailari eusteko» erronka daukate bizkaitarrek, baina pixkana-pixkana. «Aldaketa asko eduki ditugunez, lehen helburua taldea egitea da, gure bertsiorik onenera iristeko eta gero, horrekin batera, helduko da mailari eusteko lehia hori», azaldu du Izei Permachek, taldeko beteranoetakoa denak 25 urte besterik ez dituen arren.

Bederatzi jokalariko blokea mantendu dute, baina lehen lerroa guztiz aldatu dute. Igarriko da, batez ere, Alba Sanchezen hutsunea, azken sei urteko iparrorratzak bide berri bati ekin baitio. Porriñon egin zuten estreinaldia eta porrot gogorra jaso zuten (32-19). Iaz, Urrezko Ohorezko Mailan, partidak irabazteko presioa izan zuten, arazo ekonomikoak konpontzeko beharrezkoa baitzuten igoera. «Goian egotea zaila da, behean egotea zaila den bezala. Biek exijitzen dute tentsioa partidatan», esan du zarauztarrak. Bidean ikasitakoarekin motxila beteta, ilusioa izango dute oinarri egonkortasun eta anbizioaren bidean.