«Iazkoa gogorra izan zen faktore desberdinengatik; motxilara doa»
Joan den denboraldian Realak zortzigarren egin zuen. «Ezin da esan sasoia positiboa izan zenik, Kopako finalera iritsi arren», adierazi du Amaiur Sarriegik (Donostia, 2000). Sanchez Vera entrenatzaile berriaz kapitainak esan du «eraginkortasuna» lortu nahi duela. Ondo ikusten du taldea larunbateko lehiari begira: «Talentu handia dugu».
Lehiarako grina ez du galdu Amaiur Sarriegi Realeko jokalariak; irrikaz dago ligari ekiteko. Sasoi honetan multzo luzeagoa du Realak. 24 jokalari daude guztira, iaz baino bost gehiago. Donostiako aurrelariaren ustez, «lehiakortasun handiagoa» izatea taldearen onerako da. Etorri berri diren jokalari guztiak «asko gustatu» zaizkio kapitainari, baina ez da ahaztu harrobitik indartsu datozenez.
Iragan denboraldiaz irakurketa zorrotza egin du: «Sendotasuna eta erregulartasuna falta izan zitzaigun». Arlo pertsonalean ere sasoi gogorra izan zen aurrelariarentzat, «bai lesioengatik, baita jarraitutasun ezagatik ere», baina esan du «denboraldi txarretatik onetatik baino gehiago» ikasten dela. Beraz, hori ere, bere motxilara. Bihar Sevillaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Andaluzian (20.30ean).
Nola joan da sasoiaurrea?
Uste dut ondo joan dela. Jende berri dezente genuen, sistema berria, entrenatzaile berria... Dena pixka bat moldatzeko edo elkartzeko denbora behar da, eta oraindik prozesu horretan gaude, baina oro har sentsazioak oso onak dira.
Arroyo ordezkatuz, Sanchez Vera etorri da. Lan egiteko moduan aldaketa handia?
Bai, esango nuke guztiz desberdinak direla, bai jokatzeko moduan, bai erabiltzen duten marrazkian, baita taldea zuzentzeko duten moduan ere.
Jokatzeko moduari dagokionez, zuzenago ariko zarete?
Bai, izan daiteke. Uste dut eraginkortasuna lortu nahi duela Josek [Jose Luis Sanchez Vera entrenatzaileak], eta horretarako joko finkoago edo sendoago bat egin. Baina egia da ere jokatzea gustatzen zaiola, futbol erakargarria egitea.
Ez dute jokalari askok utzi taldea. Etorri, ordea, asko etorri dira. Nola ikusi dituzu etorri berriak?
Oso-oso positiboak dira ekarri ditugun fitxaketak, daukaten maila ikusita. Bai Clara [Cahynova], bai Claire [Lavogez], adibidez, jende pixka bat helduagoa, batzuetan esperientzia emango diguna, talde gaztea baikara. Beheko taldetik igo direnak ere oso ondo dabiltza, eta lehiakortasuna emango digute. Lucia Pardo nik ez nuen hainbeste ezagutzen, baina hor aurrealdean oso-oso ona iruditzen zait, eta uste dut gauza asko egingo ditugula elkarrekin. Oro har, etorri diren jokalari guztiak asko gustatu zaizkit.
Euskal Herria Kopako finalean berarekin batera jokatu zenuen aurrean. Ondo moldatzen zarete?
Bai, uste dut oso erraza dela Luciarekin [Pardo] jokatzea. Oso ondo ulertzen du jokoa. Uste dut oso ondo konbinatzen dugula, bai Nereak [Eizagirre], bai berak, bai nik. Oso erraza da beraiekin jokatzea.
Harrobitik saltoa eman dute Nora Sarriegik eta Alazne Estensorok, eta Elene Guridi zuekin egongo da.
Bai, hori da. Bai “Sarri” [Sarriegi], bai Guridi, bai Alazne [Estensoro], lesioarekin prozesu horretan daude, baita Intza [Egiguren] ere; Malen [Solozabal] ere ibili da, jokalari oso gazteak dira, baina oso onak. Lekua egin nahi dute lehen taldean, eta zergatik ez, aukera asko dituzte gurekin egoteko.
Aurten multzo luzeagoa duzue, 24 jokalari zaudete taldean, iaz baino bost gehiago. Bada aldaketa. Lehiakortasun handiagoa egongo da?
Bai, guztiz. Ni horietakoa naiz, hori pentsatzen duenetakoa. Geroz eta lehiakortasun handiagoak ekartzen du jendeak maila hoberena bilatzea. Autoexijentzia hori, ondokoak estutzen duenean, zuk ere estutu beharra. Uste dut beti positiboa dela.
Zer balorazio egiten duzu joan den denboraldiaz?
Oro har, ezin da esan denboraldia positiboa izan zenik. Egia da Kopako finalera iristeko lorpena hor dagoela, baina horrek ez du kentzen denboraldi guztian zehar falta izan zitzaigun erregulartasuna, maila, sendotasuna, bai atzean, bai aurrean. Uste dut gauza batek ez duela bestea kentzen. Realari, guri, jokalarioi, denoi pixka bat gehiago eskatu behar zaigu.
Esango didazu “partidaz partida”, baina helbururen bat jarriko zenuten edo?
Sevillako partida [barrez]. Sevillako partida, hurrengoa Bartzelona, eta hurrengoa iruditzen zait jada urruti dagoela. Uste dut horrela hobeto joango dela kontua. Hasten zarenean hasieratik pixka bat presio hori sartzen, edo emaitzen aldetik, emaitza bat finkatzen edo postu bat edo sailkapen bat, nire ustez okerragoa izaten da. Beraz, Sevilla.
Beste era batera galdetuko dizut. Helburua ez, zuk zer itxaropen duzu, nola ikusten duzu taldea?
Taldea oso ondo ikusten dut. Talentu asko dago, jende on asko dugu postu guztietan, lehiakortasuna dugu, jokalari asko ditugu... Uste dut gauza positibo asko daudela zerbait polita egiteko. Esan dizudan bezala, uste dut ez dugula gure burua presiopean jarri behar, eta uste dut gu garena ateratzen bada zerbait polita aterako dela.
Lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatuko dituzue. Ez dakit horrek eragin handia izan dezakeen hasiera honetan.
Egia da taldeak zailak direla, eta etxetik kanpo, baina horrela tokatu da. Gauza horiek ez ditugu guk erabakitzen. Onartu egin behar ditugu, eta ahal den moduan jorratu.
Nola ikusten duzu liga?
Uste dut mugimendu asko egon dela, jende dezente joan dela, bai Ingalaterrara, bai beste ligetara, eta aldi berean ere jendea etorri dela. Talde askok egin dute pixka bat eraldaketa moduko bat edo aldaketa sakon bat, Realak bezala. Gure kasuan bezala, badaude beste hiru-lau-bost talde, eta horrek beti dakar ezjakintasuna; ea aurten Sevilla nola ibiliko den, ea Atletico Madril joan diren eta etorri diren hainbeste jokalarirekin nola ibiliko den. Positiboa da ere mugimendua egotea taldeen artean.
Athletic eta Eibar nola ikusten dituzu?
Ondo ikusten ditut. Denboraldiaurrean aukera izan dugu elkarren aurka jokatzeko. Uste dut txukun ibiliko direla. Athletic joan den denboraldian hasi zen aurrerapausoak ematen, Eibar ere oso erraz salbatu zen, eta uste dut beraien helburuak oso-oso goiz lortu zituztela. Oso talde sendoak dira biak, eta guri arazoak ekarriko dizkigute ziur.
Joan den denboraldia zuretzat gogorra izan zen?
Uste dut baietz. Azkenean faktore desberdinengatik, bai lesioengatik, bai jarraitutasun ezagatik. Emaitza aldetik ere ez zen izan nik espero nuena, eta logikoki gogorra izan zen, baina uste dut urte txarretatik onetatik baino gehiago ikasten dela. Hori nire motxilara doa, eta nire prozesura, Amaiur hori sortzeko bide horretara.
Nahi baino gutxiago altxatu zenituen besoak gola ospatzeko?
Bai, noski, noski. Nire helburua beti da ahalik maila altuena ematea. Hori askotan gol, goleko pase edo minutuetan ikusten da, eta egia da joan den denboraldian ez nuela hori lortu. Nire buruari hobekuntza bat exijitu behar diot eta alor guztietan aurrerapausoa ematen saiatuko naiz.
Ligako lehenengo partida Sevillaren aurka jokatuko duzue, Zubietatik urrun, gaur bertan.
Sevillak proiektu berri bat du, jokalari berriak, baina baita galdu dituen jokalari garrantzitsuak ere. Oso joko zuzena egiten dute, oso bertikalak dira, ez dute asko arriskatzen atzean. Imajinatzen dut baloiaren jabetza guk edukiko dugula, eta alde horretatik, ahalegindu behar dugu beraiek atzean sartzen, ahalik eta zulo gehien aurkitzeko, bilatzeko, erasotzeko, eta jokaldiak bukatzeko. Uste baitut haiek kontraerasoan finak direla, eta hori bilatuko dutela.