Urtzi URRUTIKOETXEA

Datu asko, eta berdinduta dauden hautagaiak AEBko azken inkestetan

Zortzi aste baino ez dira falta AEBko hauteskunde egunerako, herritar asko aurki hasiko dira bozkatzen eta egunero daude inkestak presidente berria izateko aukerei buruz. Donald Trumpek Joe Bideni ateratzen zion aldea desagertu da jadanik, baina Kamala Harris ez dago nabarmen aurretik. Lehiak, gaur-gaurkoz, oso estua dirudi.

Donald Trump eta Kamala Harris.
Donald Trump eta Kamala Harris. (Kamil KRZACZYNSKI-Mandel NGANI | AFP)

Estatu Batuetako hauteskunde-makineria bete-betean hasi da lanean azken astean. Boto-paperak inprimatu eta etxeetara bidaltzeko egunak dira. Uste baino lehenago, irailean bertan, posta bidezko bozketa hasiko baita zenbait estatutan. Horregatik azpimarratu da hainbeste bart gaueko eztabaidaren garrantzia, zalantzan direnek zirt edo zart egiteko erabakigarria izan daitekeelako.

Kanpainako aurrez aurreko bakarra izan litekeela jakinda (ez dago argi urrian beste bat egingo ote duten Kamala Harrisek eta Donald Trumpek; presidenteorderako hautagaiek bai, hilaren 1ean), debatearen inguruko egunotan uneko egoeraren berri izaten laguntzen duten inkesta ugari plazaratu dira. The 19th newsletter-ak atzo argitaratutakoaren arabera, «Harrisek alde txiki bat ateratzen dio Trumpi, eta emakumeen bultzadari esker da».

Zehatzago esanda, erregistratutako boto-emaileen artean 44-41 dago Harris Trumpen aurretik; erabaki ez dutenen zutabean %10 ageri dira. Eta are zehatzago: 13 puntuko aldea dauka presidenteordeak emakumeen artean (48 bere alde, 35 Trumpen alde); gizonei galdetuta, aldiz, 8 puntu aurretik doa Trump (%47 eta %39, hurrenez hurren).

Morning Consult-en inkestak ere hiru puntuko aldea ematen dio hautagai demokratari, bai AEBn, baita “Herdoilaren Gerrikoa” eskualdeko hiru estatu giltzarrietan ere: Pennsylvanian, Michiganen eta Wisconsinen. Horiek irabazita, Etxe Zuriak demokrata izaten jarraituko luke. Hegoaldeko estatu lehiatuetan, berriz, berdinketa adierazten du inkesta horrek. Beste enpresa batzuek egindako galdeketetan, berriz, Trumpek alde txiki bat ateratzen dio Harrisi Georgian eta Ipar Carolinan, bi eta lau puntu artekoa zehazki. WRAL News Poll-ek berriz, Harris hiru puntu aurretik jarri du Ipar Carolinan. Etxe berak martxoan egindako galdeketan Trumpek bost puntuko aldea zeukan Joe Bidenekiko.

Datuak etengabe ageri dira, eta hautagaien kanpainek zehaztasun demoskopiko gehiago dituzte, publizitaterako dirua non jarri eta kanpaina nora eraman erabakitzeko. “Washington Post”-ek mila afro-amerikarri egindako inkestak dakarrenez, %69k diote ziurtasunez bozkatuko dutela. Apiriletik 7 puntu egin du gora, baina duela lau urteko ekainean %74 ziren (Trump zegoen agintean, eta Minneapolisen poliziak George Floyd hiltzeagatik protesta ugari izan berri ziren). Harrisek badaki talde horretako boto gehienak beretzat izango direla; horregatik beharrezkoa du parte-hartzea hauspotzea.

KEZKA

Azken egunotako inkesta esanguratsuenetako batek, baina, emaitza kezkagarriak zekartzan presidenteordearen kanpainarako. “New York Times”-ek igandean emandako datuetan, Harris baino puntu bat aurrerago zegoen Trump, 49-48. Hilabetean errepublikanoa gorago erakutsi duen lehen inkesta izan da, eta batzuek argudiatu dute jadanik Harrisen hasierako lilura eta distiraren amaiera dela. Argudiatu liteke hain alde txikia praktikan berdinketa teknikoa dela. Edozelan ere, Bidenekin zegoen panorama baino hobea izan arren (presidentea atzetik baitzegoen), berdinketa ere kezkatzekoa da demokratentzat: estatu txikiek presidentea hautatzeko ordezkaritza pisutsuagoa daukate.

Beraz, gerta liteke -gertatu izan da, bai Hillary Clintoni bai Al Goreri- demokratek errepublikanoek baino boto gehiago izatea, eta, hala ere, hauteskundeak galtzea. Aurkakoa jazotzea ia ezinezkoa da; horregatik demokratak nabarmen aurretik egotearen garrantzia.

Horrez gain, “New York Times”-en inkestak beste emaitza kezkagarri batzuk ere badakartza demokratentzat: %46k begi onez ikusten dute Trump; hau da, agintaldian zeukan onarpena baino handiagoa da. Era berean, pertsonalki zerk ardura duen galdetzean, eta hori nork kudeatuko duen hobeto, gehiagok aipatzen dute Trump.

Trumpez iritzi ona zein txarra izan, gutxi aldatuko da honezkero. Baina Harrisen figura oso orokorra da oraindik, eta norberak definitzen ez duena, besteek definitzen dute. Hala, “New York Times”-en inkestan zentrotik hurbilago ageri zen Trump, 2020ko hauteskundeak ukatzen dituena eta aurkari politikoak espetxeratu eta milioika migratzaile atxilotu eta kanporatzea agintzen duena. Harris, berriz, progresismoan kokatzen dute. Eta, bai, AEBko hauteskundeak irabaztea zaila da zentrotik urrun kokatzen bazaituzte. Horregatik, uste baino garrantzitsuagoa izan liteke Liz Cheney kongresukide errepublikano ohiak eta, batez ere, haren aita Dick Cheneyk (George W. Bushen presidenteordea eta AEBko politikako belatz militaristetako bat) Harrisen alde bozkatuko dutela esatea. Errepublikano gehienek egin dute hautua, baina Donald Trumpen aurkako gutxiengo txiki hori mobilizatzen bada, Kamala Harrisentzat izan liteke Etxe Zuria.