GARA
GASTEIZ

Ordezko irakasleen lan baldintzen okertzea salatu du LAB sindikatuak

«Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateak, besteak beste, administrazioaren prozesuak edota esleipenak modu egokian, baliabide tekniko egokiekin eta dagokien garaian egitea eskatzen du. Izan ere, arrazoi teknikoak aitzakia hartuz, azken urteetan estruktural bilakatu da ikasturte hasierako Ordezkagunean hautaketa eta esleitzea egin ondoren hau bera atzeratzea, honek ordezko langileengan suposatzen duen guztiarekin», salatu du LABek.

Sindikatu honek nabarmendu duenez, egoera honek «karrerako funtzionarioei» ere eragiten die. «Horren lekuko dira, esaterako, lekualdatze lehiaketan, administrazioa jakinaren gainean egon arren, existitzen ez ziren behin betiko lanpostuak esleitu ondoren, 2024-2025 ikasturteari begirako uztaileko esleipenetan parte hartzera behartuak izan ziren hainbat eta hainbat irakasle», gaineratu du.

«Kalitatezko hezkuntza publiko bat izateko eta benetan ikaslea erdigunean jartzeko, langileon lan baldintzak hobetu behar dira, izan bitarteko langile zein karrerako funtzionario», erantsi du sindikatuak, ordezkoen lan baldintzak arautzen dituen araudia berritzeko «borrokan» jarraituko dutela argi utzita.