Ane URKIRI ANSOLA
ARRAUNA

Denboraldiko joerak berretsi ditu Bermeoko jai giroko itsaso bihurriak

Urdaibaik beste erakustaldi bat eman zuen, bere hamahirugarren garaipena lortu eta Hondarribiaren 2015eko marka berdinduta. Kanporaketetan, Ares eta San Juan nagusi izan ziren gizonezkoetan eta ETE ligako bi onenak, Astillero eta Zumaia, andrazkoetan.

Urdaibaik denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratu zuen etxean, Bermeon.
Urdaibaik denboraldiko hamahirugarren garaipena eskuratu zuen etxean, Bermeon. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arraun denboraldia bere azkenera iristear dago eta denak bere horretan jarraitzen du: Urdaibai jaun eta jabe izanez. “Bou Bizkaiak” jada ziurtatuta dauka bere hamargarren liga garaikurra, eta Kontxako bandera astindu berritan -hirugarrena erreskadan eta zortzigarrena bere historian-, ligan beste trapu bat bereganatu du, ezin bereziagoa, etxekoa, Piskin Marinoil bandera. Etxean, Bermeon, jai giroan bete-betean murgilduta dauden herritarren aurrean irabazteaz gain, Hondarribiak 2015ean ezarritako langa berdindu du, txapelketa erregularrean hamahirugarren garaipena ospatuta.

Gaur, Portugaleten, langa berria ezarri lezake “Bou Bizkaiak”, eta «inertzia honi azken ginga jartzea» suposatuko luke Gorka Aranberri patroiaren arabera. Denboraldi zinez berezia ari da izaten zarauztarrarentzat ere, Kontxan “Aita Manuelen” marka berdindu baitzuen, patroi moduan bederatzigarren aldiz hain bandera preziatua astinduta.

Azken hamarkadako lemazain onena dela esaten dute zenbakiek, baina ez soilik estatistikek, baita itsaso bihurrian aritzeko trebeziak ere. Gogoko ditu horrelako estropada eremuak eta atzo erakustaldia eman zuen, Bermeoko katxopetan dantza eginez.

Zierbenak hartu zuen aurrea lehen luzean, baina poparean “Bou Bizkaiak” zero kalera jo eta istriborretik sartzen ziren olatuak baliatu zituen bigarren ziabogarako lehen lekua hartzeko. Distantziak handitzen joan zen, eta bukaerarako, Aranberriren aldaka kolpe trebeekin, 21 segundoko aldea ezarri zuen Urdaibaik. Zierbena izan zen bigarren, eta Donostiarra hirugarren, hauen arteko lehia interesgarri bilakatuz.

Hondarribiak, lehen txandatik, laugarren bukatu zuen, Oriok baino askoz denbora hobea eginda. Mirotzak oso deseroso aritu ziren eta irabazlearengandik kasik minutu batera bukatu zuten txanda. Gainontzean, Lekittarra eta Ondarroaren arteko lehia bizia utzi zuen estropadak.

SAN JUAN ETA ZUMAIA

Urdaibairen erakustaldiak txispa jarri zuen arren, Eusko Label liga jada bideratuta egonda, arreta guztia kanporaketetan zegoen jarrita. Arreta, eta portuko koloreen dantza ere bai, San Juandarren arrosa nagusi zela.

Ilusioa eta nerbioak nabari ziren erlojupekoan ere denboraldiko joerak berretsi ziren. Gizonezkoetan, Galiziako txapeldun Aresek eraman zuen estropada. San Juanek baino segundo bat azkarrago osatu zuen estropada eremua. Koxtapek atzetik aurrera egin zuen, hirugarren ziabogan 14 segundoko diferentzia minimora txikitu baitzuen, galiziarrak hortzak estutzera behartuta, estropada irabazteko. Hala, Aresek eskuratu zituen lehen 5 puntuak, eta San Juanentzat izan ziren lau. Denborari erreparatuz gero, distantziak sekulakoak izan ziren -minutu erdi baino gehiagora helmugaratu ziren Santurtzi eta San Pedro-, baina puntuen jokoan «hankak lurrean mantentzea» beharrezkoa izango dute arrosek, Joseba Fernandez teknikariak esan duenez.

Hurrengo urtean gorengo mailan lehiatzeko lehen kolpea eman zuten Astillerok eta Zumaiak ere, ETE ligako bi ontzi onenek. Ez zuten areriorik izan estropada osoan -Chapela 13 segundora eta Cabo 24ra-, eta ehuneneko gutxi batzuengatik irabazi zuen atzoko saioa traineru kantabriarrak, Kontxako sailkapenean gertatu legez. Dena dela, “Telmo Deun” eskifaiak pozik bukatu zuen lehia. Portugaleterako «ongi kokatuta» daude, berriro ere gorengo mailara igotzea dute helburu.