Xehetasunak eta mezua
Ia eskatu eta bilatu gabe mezuak iristen zaizkigun garai honetan, ariketa ona da alderaketarako begia zorrozteak, informazio batek eta besteak zein ideia iltzatzen duen gure baitan eta zein sentsazio sortzen digun erreparatzea, ohartzea eta jabetzea. Jakina, irakurtzea eta ulertzea garrantzitsuak dira, baina lerro artekoa konprenitzea ere bai, esan gabe doan hori, lotzen zaiguna.
Azken egunetan, Gisele Pelicoten senarraren eta beste 50 gizonen aurkako epaiketaren inguruan hainbat albiste irakurri ditut, bilatu eta alderatu. Senarrari emaztea drogatu, bortxatu eta beste gizon batzuk bortxa zezaten Internet bidez harremanetan jartzea egozten zaio. Gainerakoei, bortxaketa. Gisele Pelicotek baztertu egin du epaiketa ateak itxita egin zedin; berea erakutsi bai, erasotzaileek euren aurpegia ezkutatzeko aukerarik izan ez zezaten. Pauso hori ematea erabaki du, publikoki salaketa egiten atrebitzen ez diren emakumeez akordatuta eta haiei errespetua erakutsita.
Irakurritako informazio guztiek sortu didate ezinegona, noski, epaitzen ari diren eta senarrak atzo bertan onartu zituen karguak gogorrak direlako. Baina batetik bestera bada alderik. Analisi zorrotz eta interes handikoak topatu ditut, kasu hau testuinguruan kokatu eta hausnarketa eragiten dutenak. Xehetasunetan sakondu ohi duten hedabide batzuek pagotxa topatu dute, ordea, emakume honek hartu duen erabakian; epaiketaren jarraipena egin eta erreparorik gabe eskaini ditzaketelako bortxaketen inguruko datuak eta zehaztasunak, beste hainbat kasutan egin ohi duten moduan, baina krudelago.
Asteburu honetan bertan orriotan irakurri dudan moduan, bortxaketen inguruko kontakizunek joera dute ezohikotasuna nabarmentzeko eta, areago, uste dut erasoak besterentzeko eta gugandik urruntzeko ahalegina dela. Baina kontatuaren kontatuak, xehetasunetan gehiegi sakontzeak, kezkagarria den mezua zabaltzeko arriskua dakar, lerro arteko traketsa, eta, tamalez, ideia nagusia, iltzatzen zaigun mezua, uzten digun arrastoa baldintza dezake.