Homosexualitatea eta landa eremua dira Larretxearen liburuko ardatzak
“Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da” liburua argitaratu berri du Hasier Larretxeak Alberdania argitaletxearekin. Iraganari begiratzen dio, landa eremuari, homosexualitateari, familiari eta katolizismoari. Oroitzapenetatik abiatutako pasarteekin gaur egungo hausnarketak tartekatu ditu. Liburu «hibridoa» dela adierazi zuen atzo aurkezpenean. Gainerako aurkezpenak aitarekin egiteko asmoa du, bien ikuspegiak plazaratzeko asmoz.
«Memoriatik barrena idatzitakoak» jasotzen ditu Hasier Larretxearen lan berriak, “Idaztea gibelera zenbatzen ikastea da” liburuak. Alberdaniarekin plazaratu du, eta, argitaletxeak saiakera liburu bezala definitu badu ere, «hibridazioa» dela nabarmendu zuen egileak atzo Donostian egindako aurkezpenean. Ez-fikziozkoa dela argitu zuen, liburu autobiografiko bat dela, eta narrazioak dauden arren, testu poetikoak ere badaudela.
Azaleko argazkiak laburbildu dezake, Larretxearen ustez, liburuak kontatzen duen sentipena. Zuri Negrinena da azala, idazlearen argazki batetik sortua: «Hasier txiki hura, Baztango Arraioz herriko amatxiren etxe aitzineko mutikotxo hori agerraraztea Zurik, nire senarraren hautua izan zen. Keinu nahiko arraroa egiten dabil, eta beharbada deseroso zen une horretan, nahiz eta haurtzaro biziki alaia izan zuen. Argi-ilunak sortuko ziren gero».
Landa eremua, homosexualitatea, katolizismoa, familiari aitortzea, eta beste zenbait hari txirikordatu izan baitira idazlearen bizitzan, eta orain «itzuleraren begiradatik» horien inguruan idatzi du.
Iraganari begiratzeaz gain, orainaldiaren inguruan hausnartzeko tartea ere hartu du Larretxeak: «Madrilgo gentrifikazioa -egun han bizi da-, antsietatea, lan esparruko prekaritatea, idazketari buruzko hausnarketak, musika… biziki presente daude. Ez bakarrik iraganari atxikitzeko, oraina eraikitzea ere garrantzitsua iruditzen baitzait».
Gai eta hari asko lantzen ditu liburuak, mota ezberdineko testuak jasotzen ditu, baina aurkezpenean idazleak esan zuen «mami sakona» aitari eta familiari eskainitakoa dela. Patxi Larretxea da aita, herri kirolen munduan ezaguna eta, saiatu arren, semea inguru horretara lotzerik lortu ez zuena. Azaldu zuen «bere gisako gizona egiteko» saiakerak egin zituela aitak, baina idazleak berak ez zuela eredu horretan erreferentzia gustukorik aurkitzen, eta, beraz, ez eta bere aitarengan ere.
Aitak garaiko Euskal Herrian «profil bat» bete zuela aitortu zuen Larretxeak, eta egun beste ikuspegi batetik begiratzen diola. Gainera, azken urteetan gurasoekin eta senarrarekin batera “Itzulerako bideak / Caminos de retorno” emanaldi performatiboa egin du. Hartan herri kirolak, herriko elementuak eta doinu elektroniko minimalistak nahasten zituzten. Emanaldi horren aitzakian, asko hitz egin izan dutela kontatu zuen, eta «iraganeko isiltasunak ixteko» sendagarri bat izan dela. Oraingoan aitarekin batera egin nahi ditu liburu aurkezpenak. Lehenengoa Elizondoko Txokoto ostatuan izango da urriaren 13an.
ERREFERENTZIEN GARRANTZIA
Homosexualitateaz eta katolizismoaz ere mintzatu zen Larretxea aurkezpenean, eta beretzat landa eremuan oso garrantzitsua izan zen zendutako lagun bat gogoratu zuen, Iñaki Lareo. «Landa eremuan 90eko hamarkadako garai horiek akordura ekarri nahi ditut. Niretzat erreferentzia bat izan zen. Luma, generoak zalantzan jartzea, euskal identitatea oso presente zegoen festetara joaten ginenean zer suposatzen zuen horrek…». Haurtzaroan eta nerabezaroan «langa asko iragan» behar izan zituztela kontatu zuen.
Literaturaren eta sorkuntzaren inguruan ere hausnartzen du liburuko zenbait pasartetan, eta hausnarketa horiek orainaldiko testuetan daudela adierazi zuen. «Zer espero da gugandik? Sortzaileengandik?» galderari tiraka idatzi ditu zenbait burutapen, eta bere ibilbide literarioaren «argi-ilunak» ere jaso ditu.