GARA
DONOSTIA

Iazko uztaren %40 espero dute Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileek

Datu zehatzak emateko goizegi bada ere, Euskal Sagardora bideratutako sagastietan 2,5 milioi kilo inguru biltzea espero dute. Aurreikuspenak beteta, aurtengo uzta iazkoa baino txikiagoa izango da. Sagasti gehienetan sagarra batzen datorren astean hasiko dira. Hilaren 29an Sagar Uzta jaia ospatuko dute Astigarragan.

Irungo Etxezabal baserriko sagastian egin zen agerraldia.
Irungo Etxezabal baserriko sagastian egin zen agerraldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardogileek uzta txikiagoa espero dute aurten. Alde batetik, ez-urtea tokatzen delako aurten eta, bestetik, neguan hotz gutxi egin duelako eta udan egindako bero zakar kolpe batek uztaren parte bat bota zuelako. Guztira, iazko uztaren %40 inguru biltzea aurreikusi dute, Irungo Etxezabal baserrian egindako agerraldian esan zutenez .

Orokorrean, Gipuzkoan Goierri inguruan sagar gehiago da Beterrin baino, neguan hotz handiagoa egin duelako eta, horrek eraginda, loraldi hobea izan dutelako sagarrondoek. Bizkaian ere antzeko egoera dute, kostaldean baino sagar gehiago dago barrualdean. Eta Araban iaz gutxi eman zuen lekuetan da sagarrik gehien.

AZUKREA ETA HELDUTASUNA

Iazko uzta handia izaki, aurreikusi zitekeen aurtengoa txikiagoa izatea, eta halakoa izan da. Uzta txikiak direnean, azukre gehiagoko sagarrak izan ohi dira normalean, baina aurten, udako euriak medio, iazko alkohol graduazio antzekoa izango dute. Eurien eraginez, heldutasuna ere nahiko atzera dator. Horrenbestez, sagasti gehienetan sagarra biltzen datorren astean hasiko dira.

Datu zehatzak emateko goizegi den arren, 2,5 milioi kilo biltzea aurreikusi dute Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Urtez urte gero eta sagar gehiago izaten ari da bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala, azaldu zuten Irungo agerraldian..

Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitzeko, sektoreak indartzeko, produktuak posizionatzeko eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena. Testuinguru honetan, datozen urteetarako dei egin zien Euskal Sagardoa Jatorri deiturak sagargileei, sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik sagardogile eta Jatorri Deiturarekin harremanetan jar daitezen, akordioak bilatu eta sagarraren gestioa garaiz lotzen joatearren.

Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun, eta 500 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 47 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude, eta beste 155 hektarea dira produkzioan sartu berriak edo datozen urteetan produkzioan sartuko direnak.

Sagasti berri gehien Gipuzkoako lurraldean jarri da, Aldundiak emandako laguntzarekin gehienak, eta Bizkaian eta Araban ere bai zerbait.

Datorren astean Sagar Uzta jaia izango da Astigarragan, 26tik 29ra; azken egun hori berezia izango da eta egitarau zabala prestatu dute, sagarra ezagutzeko eta gozatzeko aukera emanez.