GARA
DONOSTIA

Oriaren uholdeetatik babesteko lanak bukatu dituzte Beasainen

URAk Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan, ibaiaren 300 metrotan zehar, CAFen parean dagoen ibai tarte batean. 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa egin dute, uholdeek eragindako kalteak urtean 900.000 euro murrizteko.

URAk egindako lanak ikusi zituzten agintariek.
URAk egindako lanak ikusi zituzten agintariek. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uraren Euskal Agentziak Oria ibaia uholdeetatik babesteko lanak amaitu ditu Beasaingo Ezkiaga auzoan. 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da. Uholdeek eragindako kalteak batez beste 900.000 euro urtean gutxituko direla aurreikusi dute.

Hain zuzen ere, Oria ibaiaren ibilguaren gaineko bi zubi eratsi eta ordezkatu dituzte ibaiaren 300 metrotan zehar, CAFen parean dagoen ibai tarte batean. Ibilguaren eta Jose Migel Iturrioz kalearen arteko lau eraikin eraitsi eta ibilguaren ezkerreko ertza atzera mugitu dute.

Lanen emaitza ezagutzeko, atzo bisita egin zuten Lakuako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta URAko presidente Mikel Jauregik, Beasaingo alkate Leire Artolak eta CAFeko kontseilari ordezkari Javier Martinez Ojinagak.

Jauregik adierazi zuen URAk egindako obra «proiektu hidraulikoa baino askoz gehiago» dela, «askoz harago» doala eta «hirigintza eraldatzeko aukera bat» ere badela.

Era berean, Artolak nabarmendu zuenez, «Ezkiagarentzat aurrerapausoa izan da, zalantzarik gabe pertsonak helburu dituen proiektua izan delako, herritarren eta auzotarren segurtasuna, ongizatea eta bizi kalitatea hobetu eta aukera berriak ahalbidetuko dituena».

Obrei esker, 1.250 beasaindar baino gehiagoren etxebizitzak T100 uraldien arriskutik kanpo geratuko direla baieztatu zuten, hau da, 100 urteko errepikatze denbora edo 100 urtean behin gertatzeko probabilitatea duen uholdeen arriskutik kanpo, baita CAFen lantegia eta inguruko 120 establezimendu edo jarduera ekonomiko baino gehiago ere.

7,8 MILIOI

Lanak irail honetan amaitu dituzte, eta 7,8 milioi euroko inbertsio publikoa behar izan da. Horri esker, aurrerantzean, uholdeek eragindako kalteak gutxituko dira, batez beste 900.000 euro urtean, aurreikusi dutenez. Oria ibaiaren T100eko ur goraldien emariak ibilguan egotea lortu da, eta, gainera, T500 uraldiaren ur lamina 90 cm inguru jaitsarazi da. Horrek kalte potentzialak nabarmen murriztuko ditu. Beasaingo Uholde Arrisku Handiko Eremuaren kalte potentzialen %70 CAFena zen eta, beraz, alderdi hartan uholdeak eragin ditzakeen kalteak murriztu dituzte.