MUGARRI BAT EZARRIKO DUEN PENTATLOI FINAL BAT JOKATUKO DA AZPEITIAN
Izeta VI.aren balizko laugarren txapela eta marka berria, kirol honen susperraldian ezinbestekoa izan den Xabier Zalduaren agurra, antolatzaileek 2026an indarberrituta itzultzeko hurrengo urterako iragarri duten etena... kirol honen historian mugarri izateko osagai guztiak ditu gaur Azpeitian jokatuko den final handiak.
Herri kirol munduak horren beharrezkoa zuen haize berria ekarri zion probak, euskal pentatloiak, 2025ean eten bat izango duela iragarri zuten antolatzaileek gaur gauean Azpeitian jokatuko den finala aurkeztean. Asmoa argia da, prestatzeko denbora gehiagorekin, 2026ko edizioan indarberrituta eta aurpegi berriekin itzultzea. Lehendik ere motiborik falta ez bazen, erabaki honek are bereziagoa egingo du aurtengo finala, mugarri izatera deitua dagoen finala.
Hasteko, Andoni Iruretagoienak, Izeta VI.ak, eskura baitu bere laugarren txapela eta orain arte palmaresean bere mailan ziren Joxemari Olasagasti eta Xabier Zaldua atzean uztea. «Bi izen handi izan dira, niretzat bi eredu, batez ere Zaldua, Olasagasti ez nuelako ikusi, eta hauek gainditzeak eta laugarren txapela irabazteak grina berezi bat edo lanean jarraitzeko gose hori bai piztu didatela. Azkenean markak geratzen baitira historiarako eta horren parte gu izateak ilusio berezia egiten du», aitortu zuen astean zehar aiarrak NAIZ irratiko mikrofonoetan.
Azken hiru urteetako txapeldun eta kanporaketan ere nagusitasunez aurrera eginda, Izeta VI.ak argi dauka begi guztiak bere gainean izango dituela 22.00etan (ETB1) hasiko den finalean, baina horrek ez du pronostiko guztietan oso faborito agertzen den kirolaria kikiltzen. «Presio puntu bat bada inork lau txapel lortu ez izana, baina gogo berezi bat ere sortzen dit. Iazko txapela jantzi genuenetik kontziente izan gara helburua laugarrena lortzea zela, eta motibazio horrekin jarraitu dut urte guztian lanean eta, presioa baino gehiago, nik uste indarra eman didala», gaineratu zuen.
Erronkazale amorratua izaki, berea duen aro berriko marka (31,36 minutu) hausteari ere ez dio muzin egiten. «Beti esan izan dut, pentatloian hasi ginenean, helburu bat jarri nuela nire entrenatzailearekin, 30 minutuko muga hori gainditzea. Hori oso urruti dago; ez dakit aurten hobetuko dudan, hemendik bi urtera, lau urtera... ez dakit noiz, baina lortu arte borrokan jarraituko dut. Duela bi urte lortutako marka hori jaistea oso posible ikusten dugu», azaldu zuen aurten kanporaketako marka 41 segundoan hobetu duen aiarrak.
Etxean egindako probek ere esperantza hori elikatzeko motiboak ematen dizkiote. «Sentsazioa daukat aurten azken lau urteetan ondoen prestatuta nagoen urtea dela», aipatu zuen, eta egun batean edozer gerta badaiteke ere marka polit bat egiteko moduan ikusten duela bere burua. Irabazitako esperientziak ere are indartsuago sentiarazten omen du. «Badakit hasi nintzenean pixka bat a lo loco ibiltzen nintzela, baina urteak pasa ahala, lasaiago nabil eta plazan ere beste tenple bat hartu dudala iruditzen zait. Entrenatzen ere asko ikasten duzu, zure gorputza are eta hobeto ezagutzen duzu eta oraindik ere urte onak ditut aurretik».
Gorputzak bezainbesteko garrantzia izan dezake buruak halako proba gogor batean eta Izeta VI.ak barneratua omen du probaren uneren batean bere aurkari nagusietako baten, Xabat Olaizolaren, atzetik ikus dezakeela bere burua. «Iaz arte ez zitzaidan inoiz pasa, beti aurretik joan izan naiz aurreneko probatik, baina iaz ikasi nuen Xabati ezin diodala harrian irabazi. Aurten aizkoran ere atzetik irteteko aukera handiak ditudala badakit, baina hori kudeatzeko prest nago», azaldu zuen aiarrak, Ioritz Gizasolak ere atzetik aurrera eginda estutu dezakeela uste duenak.
GURRUTXAZPIREN AGURRA
Podiumeko borroka horretan egon nahi luke Xabier Zaldua zumarragarrak, nahiz eta Izeta VI.a beste koska bat gorago ikusten duen. «Etxean igandean egin nituen denborak ikusita, denbora horiekin podiumean egon naiteke. Orain, denbora horiek egin eta seigarren egingo banu, besteak askoz hobeak direlako izango da eta txalotu eta kito», aipatu zuen Gurrutxazpi baserriko semeak.
Amaiera ederra litzateke kirol honek hainbeste eman dion baina baita berak kirol honi horrenbeste emandako zumarragarrarentzat. «Uzteko erabakia hartuta dago eta amaiera polit bat eman nahi diot pentatloiari. Iaztik ari nintzen esaten utziko nuela, harriarekin-eta gero eta gehiago kostatzen zait eta puskatu baino lehenago utzi nahi nuen, eta alde horretatik lasai nago», aitortu zuen egun oso berezia biziko duen kirolariak. «Barruan beti egoten dira urduritasunak, baina aurten zerbait desberdina nabari dut, oso sentsible nago eta segituan etortzen zait malkoa».
Izan ere, finalera heltzea ez da erraza izan. «Azken hilabete hau oso konplikatua izan da. Ezbehartxo bat izan nuen kanporaketa baino hiru aste lehenago eta zalantza askorekin joan nintzen, sartuko ote nintzen beldur horrekin, eta behin sartuta, sekulako lasaitua hartu nuen. Aste eta erdian aurretik galdutako kilo eta erdi irabazi dut», azaldu zuen. «Lehen lanetik azkenera disfrutatzera joango naiz eta, askotan, gozatutakoan emaitza hobeak lortzen dira», gaineratu zuen.
Pentatloian egindako «ibilbidearekin harro», 50 urte bete arte, aizkoran bakarrik arituko da aurrerantzean 1977an jaiotako zumarragarra.