Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
WISE GUY: DAVID CHASE AND THE SOPRANOS

Historiako telesailik onenetakoaren egilea

Alex Gibney zinemagilea, David Chase sortzaile eta gidoilari ezagunaren psikean barneratu da eta “Wise Guy: David Chase and The Sopranos” izeneko lan bikoitza sortu du; “The Sopranos” telesailaren sei denboraldietan egin zuen lan paregabearekiko aitortza ederra.

Nabarmentzekoa da eskaintzen duen begirada hurbila. Izan ere, Chase bere lanaren alderdi asko publikoki eztabaidatzeko izan duen errezeloagatik ezaguna da, eta hemen, telesaileko pertsonaiak, argumentuak eta gai nagusiak zehatz-mehatz nola sortu zituen azaltzen du. Kultur fenomeno horri forma eman zioten erabaki narratibo eta estetikoak hobeto ulertzeko aukera ematen duen jaki gozoa da.

Aktoreen eta lantaldeko kideen lekukotasunak azpimarratzekoak dira, bereziki James Gandolfini eta Lorraine Bracco aktoreenak; gogoeta interesgarriak plazaratzen dituzte, eta, hala, narrazioa asko elikatu. Kamera atzeko irudiak, castingeko pasarteak eta anekdotak ikustearen plazeraz harago, eszena mitikoak berriz pantailan ikustea baliagarria da telesailaren handitasunaz jabetzeko.

“Telebistaren urrezko aroaren” gorakadaren testuinguru zabalagoan ere kokatzen gaitu eta elementu iraultzaileak asko nabarmentzen dira; “The Sopranos”- ek “Breaking Bad” , “Mad Men” eta halako izenburu entzutetsuei bidea nola ireki zien erakusten du, baita egun hain ohikoak diren antiheroien kontzeptua nola sortu zen ere; horrek pisu gehigarria eransten dio dokusail bikain honi.

Dokumentalaren narrazioa nahiko lineala eta klasikoa da; alde horretatik dinamismo apur bat falta zaio, baina edukiak eskatzen duen neurrikoa iruditu zait. Patxadaz eta presarik gabe gozatzeko modukoa da. Historiako telesailik onenetakoa sortu zuenaren psikoanalisi liluragarria.