Gaizka IZAGIRRE
DONOSTIA
«CIENTO VOLANDO»

Eduardo Chillida eskultorearen obraren eta naturaren arteko sinergia

Jone Laspiur, «Haizearen Orrazia»-ri begira.
Jone Laspiur, «Haizearen Orrazia»-ri begira. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Arantxa Aguirreren “Ciento volando” dokumentalak Eduardo Chillidaren ikuspegi berria erakusten du; gertukoak izan direnekin izandako elkarrizketak biltzen ditu, artistaren zein Chillida Leku museoaren irudiekin tartekatuz. Jone Laspiur da narrazioaren gidaria. Aukeraketa ez da ausazkoa; aktore eta kantaria izateaz gain, gradua egin du Arte Ederretan. Eskulturako espezialitatea ikasi zuen, eta aita eskultorea du. Lan honetarako jaioa dirudi.

Irudiek eta soinuek bete-betean murgiltzen gaituzte obraren eta naturaren arteko sinergia horretan eta, era berean, eskultorearen berezko lasaitasun egoerara garamatzate.

Pertsona lasaia zen Chillida, eta hasieratik antzeman daiteke dokumentalaren helburuetako bat hori dela: erritmo patxadatsua erabiliz, ikuslea kontenplaziozko egoera batean barneratzea. Geldiune bat hartu, eta paisaia, ingurunea edota eskulturak, inolako presarik gabe behatu beharko dituzu. Alde horretatik, erritmo bizia duen ikus-entzunezko entretenigarri baten bila bazabiltza, “Ciento volando” ez zaizu batere erakargarria irudituko. Denboraren eta espazioaren kontzeptua asko aipatzen da lanean, garrantzitsua zen Eduardo Chillidarentzat.

Argazki zuzendaritza lana bereziki nabarmena iruditu zait, irudi ederrak eta oso esanguratsuak ehizatu dituzte kamerekin. Naturaren hotsekin eta, oro har, soinuekin egindako lanketa ere aipagarria da.