Surflari ernegatua

Europako minbizia

Oso adierazgarria da ondoko artikuluan agertzen den argazkia. Europako QS txapelketa Angelun, oholtzan nesken finalera iritsi ziren lau finalistak, portugaldar bat, jatorri poloniarreko abizena duen Tahitiko surflari frantses bat, euskaldun bat, eta israeldar bat. WSL erakundearen arabera, guztiak europarrak, baina oholtzan diren surflariek soinean dituzten banderetatik, bakarra ikusten da, Israelekoa, eta lazo hori bat du gainera, alegia, jabeak mezu politiko bat zabaltzea du helburu. Gainontzeko lehiakideek, txapelketako antolatzaileek eta ikusleek, antza, ez diote jaramonik egiten.

Alegia, egun gertatzen ari denaren adierazgarri ezin gardenagoa da. Israeldarrak Palestinan genozidio bat egiten eta europarrak isilik. Europako QS txapelketan surflari israeldarra lehiakide bat gehiago da, eta gainera, gainontzekoei ez bezala, oholtzan mezu politikoak zabaltzeko eskubidea onartzen zaio. Banderaz atxikia duen lazo horiaz gain, taulan atxikita dituen mezuak ere erakusten baititu. Zorionez, letren grafiagatik ez ditugu ulertzen.

Israeldarrek Holokaustoaren sufrimendua monopolizatu zuten, badirudi beste inork ez zuela sufritu, juduez gain milioika pertsona hil zituzten arren. Urte luzez Holokaustoaren aitzakia erabili dute Palestinan egiten ari ziren sarraskia justifikatzeko, eta orain minbiziaren kontrako ikurra den lazo horia bereganatu nahian dabiltza, beraiek akabatu zituzten israeldar bahituen askatasuna eskatzeko.

Israeldar baten biziak milaka palestinarren biziak baino gehiago balio du, baita europarrentzat ere, salaketak tonu eta maila bera baitu, Palestinan soldadu israeldar bat hiltzen dutenean, edo Israelgo armadak Gazako ospitale bat suntsituz ehunka herritar hiltzen dituenean. Israelek burutzen dituen sarraskiak salatzen dituena antisemita da, eta kito. Halako argudio eskasarekin lortu dute Europa isiltzea. Lotsagarria bezain adierazgarria.

Angelukoa Europako QS itzuliko txapelketa zen. Oraindik ez da zirkuitua amaitu, udaberrian gutxienez beste txapelketa bat egingo da, ziur aski Portugalen, baina posible da Israelen ere egitea. Duela bi urte arte udaberrian egiten diren Europako QS txapelketetako bat Israelen egiten zen. 2022ko martxoan Israelgo Kontiki hondartzan egin SEAT Pro Netanya txapelketan, Nadia Erostarbek bigarren postua eskuratu zuen eta Adur Amatriainek hirugarrena. Ordurako hamarkadak zeramatzan Israelek palestinarren eskubideak zapaltzen eta sekulako astakeriak egiten, baina WSL erakundeak inoiz ez du horretan ezer txarrik ikusi.

Bitartean, Gazako surf elkarteak pasa den astean zabaldu zuen mezu baten bitartez aditzera eman zuen Gaza Surf Clubeko sortzailea izan zen Ahmed Abu Hassira hil zela eta umezurtz geratu ziren bi seme-alabei laguntzeko diru bilketa kanpaina abian zela. Hassirak ezin izango zuen parte hartu Angeluko txapelketan, eta ezta bere seme alabek ere. Ez soilik Gazako mugetatik atera ezinik gosez hiltzera kondenatu dituztelako, Europako txapelketa batean palestinarrentzat tokirik ez dagoelako baizik.