«Behin betiko», presoen auzia gainditzeko mezua urtarrilaren 11n
Urteroko Sareren mobilizazio nagusiak dagoeneko badu eguna, bai eta tokia ere: Bilbon izango da, 2025eko urtarrilaren 11n. Mezu nagusia ezagutzera emateko ere baliatu zuten atzo egindako agerraldia: «Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza». Ohikoa denez, Casillatik abiatuko da manifestazioa eta udaletxearen aurrean bukatuko da.
Hiru hilabete baino gehiago gelditzen dira oraindik, baina Sarek deialdia egin du jada: hurrengo urteko urtarrilaren 11n, Bilboko kaleetan, presoen auzia «behin betiko» gainditzeko aldarrikapena egingo du. Horixe izango da aurtengo mezu nagusia, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak atzo, Bilbon bertan, egindako agerraldian laburbildu zutenez. Eta «behin betiko», zer zehazki? Hiru gako: «Bakea», «konponbidea» eta «elkarbizitza».
Urtero Euskal Herrian egiten den mobilizazio jendetsuenean beste urrats bat egin du Sarek, dagoeneko hamar urte bete dituelarik. Hamarkada honetan zehar «konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan dira Sareren ezaugarri nagusia, eta halaxe izango dira aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako».
Bide horretan, «premiazkoa da orain behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei». Afera honen gaurko argazkia abuztuan atera zuten, txosten batean: azken hamabi hilabeteotan 32 gradu-progresio eman dira, baina onets litezkeenetatik urrun oraindik.
KONPONBIDEA, ELKARBIZITZA, BAKEA
Hiru arlotan zehazten da «behin betiko» aldarria. Batetik, konponbidea. Horrela argudiatu zuten: «Arazo guztietan ziklo bat betetzen da: sortu, garatu eta konpontzea. Edo ezer ez egitea. Konpontzen ez diren arazoak, ordea, gaiztotu egiten dira, eta gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen gure jendartean. Arazoetako batzuetarako soluzioak aurkitu dira. Gatazka luze honen beste ondorio batzuek, aldiz, oinazea eta bidegabekeria eragiten dituzte oraindik. Ondorio horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen segitzen dutenak, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere».
Elkarbizitzari dagokionez, hau da Sareren irakurketa: «Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa eraikitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea».
Hirugarrenik, bakea. Horren garrantzia nabarmendu zuten Sareko ordezkariek: «Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegabekeriazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe».
Horretarako guztirako deitu zuten euskal jendartea Bilboko kaleak betetzera: «Eskubideez ari gara. Giza eskubideez».