Ikastolen jai handia, arnasgune Azpeitian

Urriaren 6an ospatuko den Kilometroetan lau gune, mila boluntario eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia izango dira.

Ikasberri ikastolan aurkeztu zuten Kilometroak festa.
Ikasberri ikastolan aurkeztu zuten Kilometroak festa. (KMK)

Kilometroak jaiaren aurtengo edizioa urriaren 6an ospatuko da Azpeitian, “Izpiz izpi” lelopean. Eta Gipuzkoako ikastolen festaren xehetasun guztiak eskaini zituzten atzo Ikasberri Ikastolan. Bertan izan ziren Alaitz Perez de Arenaza Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, Gorka Artola aurtengo edizioaren koordinatzailea eta Alaitz Epelde ikastolako Artezkaritzaren ordezkaria. Azaldu zutenez, adin guztientzako moduko ekintza eta ikuskizunak prestatu dituzte. Goizetik hasita, gazteentzat Erronka probak izango dira, txikienentzat jolasak, puzgarriak, tailerrak... Kale antzerkia, magia, karaokea, yoga, kapoeira eta beste saio batzuk izango da, baita zenbait musika talderen kontzertuak ere. Jatekoa eta edatekoa ez dira faltatuko, eta bazkaltzeko 600 lagunentzako jangela ere prestatuko dute. Gainera, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia egingo diete, bete-betean bat egiten dutelako aurten lantzea erabaki duten hiru ardatzekin: euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza. «Azpeitia arnasgunea da euskararentzat, eta Kilometroak jaia ere euskaltzale guztientzat arnasgune izatea nahi genuke», nabarmendu zuten.