«Westword» eta «The Boys»-en arteko nahasketa
Vaul-Tec konpainiak, gerra nuklear batek planeta suntsituko duelakoan, zenbait babesleku sortu ditu; bertan gutxi batzuk soilik bizi daitezke. Apokalipsi nuklearra gertatu eta 200 urtera girotuta dago istorioa, 2296-ean zehazki. Lucyk, bilaketa zehatz bati ekiteko asmoz, babesleku horietako batetik lehenengoz kanpora atera behar duenean abiatuko da ekintza nagusia.
Estetika erretrofuturistaz lagunduta, hiru protagonista nagusi aurkezten ditu telesailak, paraleloki txandakatuz doazen eta batzuetan eszena berean bat egiten duten hiru ikuspunturekin batera: aipaturiko Lucy, Maximus eta nekrofagoa deritzona.
Lehen minutuak nahikoa izango dituzu ekoizpen honetan sekulako dirutza gastatu dutela antzemateko -150 milioi dolar zehazki-; ekoizpen diseinua, dekoratuak, akzio sekuentziak… ikaragarriak dira, lehen mailakoak. Ia guztia espresuki eraiki eta sortu dute. Fisikotasun handia jariatzen du telesailak. CGI ere badago noski, baina zientzia fikziozko eduki gehienenetan ia dena digitala den garaiotan, “artisautzaren” aldeko hautu hau asko eskertu dut. Musikarekin ere gozatu dut, Ramin Djawadi-k konposatu duen soinu bandaz gain, abestitzar oldies josia dagoelako: Nat King Cole, Johnny Cash, The Ink Spots & Ella Fitzgerald eta abar.
Atalak luzeak diren arren, ordubetekoak batez beste, ikuserraza iruditu zait, cliffhanger dosiak dituelako, baina batez ere erabili duten tonuagatik. Drama badago, basakeria, misterio apur bat ere, akzioa zer esanik ez, baina kontakizun osoa tonu ganberro eta umoretsuz bustia dago, baita satira sozial apur batez ere. “Westword” eta “The Boys” telesailak uztartuko bagenitu bezala.