BRUCE SPRINGSTEEN DONOSTIARA BUELTAN da
2025eko ekainaren 21a. Bruce Springsteenen zaleek egutegian gorriz markatuta dute data, laugarren aldiz Donostian joko baitu.
Hedabideei premiaz iritsarazitako deialdian, atzo goizean, etorri zen albistea: Bruce Springsteenek eta E Street Bandek Anoetako agertokia zapalduko dute 2025eko ekainaren 21ean. «Ahalegin handia egin behar izan dugu», adierazi zuen Iñigo Argomaniz Get In enpresaren zuzendariak. Laugarren aldia du Donostian joko duena: aurretik 2008an, 2012an eta 2016an egon da. Sarrerak datorren asteartean salgai jarriko dituzte 70 eta 140 euro bitartean. Manchester, Lille, Marseilla, Liverpool, Berlin, Praga, Frankfurt, Gelsenkirchen eta Milanekin batera Europako biran bisitatuko du Gipuzkoako hiriburua. «Springsteenek berak erabaki du Donostiara etortzea», nabarmendu zuten atzoko ekitaldian. Argomanizek alboan izan zituen Amaia Ispizua Get In-eko kidea, Eneko Goia alkatea eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia. Azpiegitura handiago baten faltan -«horren jakitun gara», esan zuen alkateak-, puntako hainbat kontzertu hartu ditu azkenaldian Reale Arenak. Justu astebete lehenago, Realak denboraldia amaituta duenean, Fermin Muguruzak zuzeneko emanaldia ere bertan egingo du, Kortaturen 40. urteurrena ospatzeko.