M. TXINTXURRETA
ERRENTERIA
ETXEBIZITZA LARRIALDIARI AURRE EGITEKO NEURRIAK

Izendapena jasota, alokairuen igoera mugatu ahal izango du Errenteriak

Errenteriari eremu tentsionatu izaera esleitu dio Lakuak ofizialki. Beharrezko tramiteak aurreikusitako epeetan eginez gero, urtarriletik aurrera Estatu espainoleko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatu ahal izango ditu, besteak beste, alokairuaren igoerari mugak ezarri eta kontratuen luzapenak erraztu. Alta, horra baino harago joan nahi du Udalak.

Otaegik eta Itxasok izendapenaren inguruko azalpenak eman zituzten Errenterian.
Otaegik eta Itxasok izendapenaren inguruko azalpenak eman zituzten Errenterian. (Jon URBE | FOKU)

Errenteria eremu tentsionatu izendatu zuen ofizialki Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak atzo, Gipuzkoako udalerrian egin zuten agerraldi baten bitartez. Aitortza honek Estatu espainoleko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko aukera emango dio, besteak beste, etxebizitzen alokairu prezioen igoerari mugak ezartzea eta bost etxe baino gehiagoren jabe diren alokatzaileei gehienezko prezioa finkatzea.

Izendapena jaso duen Hego Euskal Herriko lehenengo udalerria izan da Errenteria eta, hortaz, atzoko eguna mugarritzat du Aizpea Otaegi alkateak. «Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko orain arte izan ez ditugun baliabideak ekarriko dizkigu», adierazi zuen, Denis Itxaso Lakuako Etxebizitza eta Hiri Agendaren sailburuarekin batera Errenterian egin zuen prentsaurrekoan.

Udalerriak izango dituen baliabide berrien artean garrantzitsuena, alkatearen ustez, alokairuaren «neurrigabeko igoera» mugatzeko aukera da. Kontratu berriei eragingo die neurri honek, ez indarrean daudenei, salbuespen batekin: edukitzaile handiek -bost etxebizitza baino gehiago dituzten pertsonek edo enpresek- muga zorrotzagoak izango dituzte errentaren prezioak finkatzeko orduan, eta kontratu berriek nahiz indarrean daudenek gehieneko prezio bat edukiko dute.

Alokairuen igoerari mugak jartzeaz gain, tentsio-eremu izendapenak bestelako abantailak ekarriko dizkie errentariei: urtebeteko ezohiko hiru luzapen ezarriko ditu amaitzen diren kontratuetarako eta, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxeen alokairu prezioak mugatzeko aukera zabaltzen du.

IZENDAPENA EZ DA ASKI

Izendapena jasota, Errenteria hiru urtez eremu tentsionatua izango da legearen aurrean, eta, epe horretan etxebizitzari lotutako baldintzak hobetzen ez badira, aitortza luzatuko zaio. «Izendapen honek berarekin dakar etxebizitzan arazo larri bat dagoela onartzea», azaldu zuen Denis Itxasok. Errenteriaren kasuan, arazoa agerikoa da, alokairuen prezioak KPI metatua baino gehiago igo baitira azken bost urteetan. Alkatearen ustez, Donostiako metropoli eremuaren parte izateak eragina izan du prezioen gorapenean eta, ondorioz, Donostialdeko udalerriei eskatu zien Errenteriak hasitako bideari jarraitu diezaioten eta modu koordinatuan lan egiteko prest egon daitezen.

Eremu tentsionatua izateak ekarriko dituen «berehalako» abantailak zalantzan jarri gabe, Aizpea Otaegik nabarmendu zuen etxebizitza larrialdiari «ikuspegi integral» batetik aurre egin behar zaiola. Horretarako, Udalak hiru urteko plan bat osatu zuen Etxebizitza sailarekin elkarlanean. Bertan neurri gehigarri batzuk proposatzen dira, bost jarduera esparrutan banatuta: alokairu eskuragarria sustatzea -adibidez, etxebizitzen erabilera turistikoa mugatuz, zehaztu zuen Otaegik-, etxebizitza oro har eta bereziki etxebizitza publikoa sustatzea eta etxe hutsak «mobilizatzea», lehendik dagoen etxebizitza parkean inbertitzea, alokairua edo hipoteka ordaintzeko zailtasunak dituzten pertsonei bideratutako babes sistemak indartzea eta koordinazio instituzionala sustatzea.

Puntu honetan Errenteriako alkatea sailburuari mintzatu zitzaion, eskatzeko bete ditzala plan horretan jasotzen diren neurriak. Itxasok ziurtatu zuen Lakuak «arreta berezia» jarri nahi duela eremu tentsionatu izateko izendapena eskatuko duten udalerri desberdinekin ondutako hiru urteko planetan (aitortza eskatzen dutenek derrigor osatu behar dute halako plan bat), eta defendatu zuen estrategia horiek «biziak» izan behar dutela, etengabe eguneratu behar direla «legeak ematen dituen tresnak ahalik gehien aprobetxatzeko». Bide horretan, udalek etxebizitzak eraikitzeko bideratu daitezkeen lursailak identifikatzen lagundu eta horiek doan eman dezaten eskatzen du Etxebizitza sailak, Errenteriak egin modura. «Jabetza publiko eta pribatuko lurzoruak mobilizatu behar ditugu, bertan eraikitzeko», esan zuen Itxasok.

EPEAK ETA ALDUNDIETAN LANAK

Datozen hilabeteetan Etxebizitza Ministerioak BOEn (Estatuko Aldizkari Ofiziala) aitorpena argitaratu behar du, Errenteria eremu tentsionatu izendatutako udalerrien zerrendan sartu ondotik. Itxasoren arabera, Ministerioak hiru hilabetero eguneratzen du zerrenda eta, beraz, espero du abendurako BOEn argitaratuta izango dela. Aurreikusitako epeak betetzen badira, urtarriletik aurrera Lakuako Etxebizitza sailak aukera izango du, Errenteriako Udalarekin elkarlanean, iaz onartu zen Estatu espainoleko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatzeko.

Horretarako, Madrilek soilik ez, EAEko aldundiek ere beharrezko tramiteak egin behar dituzte. Momentuz, atzeratuta dabiltza: oraindik ez diote Etxebizitza Ministerioari bidali prezioen eguneratze indizea zehazteko informazioa. Indize hori beharrezkoa izango du Errenteriak, etxebizitzen gaineko neurriak aplikatzeko. «Garaiz iritsiko gara», segurtatu zuen Itxasok. Berretsi zuen BOEk Errenteriaren izendapena jasotzen duenerako «datuen transmisioa» egina izango dutela aldundiek.

EH BIDU: «BORONDATE FALTA»

Edonola ere, EH Bilduk ohartarazi zuen Errenteriak ezingo duela legea bere osotasunean aplikatu, «EAJk eta PSEk gobernatzen dituzten aldundiak eta Jaurlaritzak zenbait lan egiteke dituztelako». Hala adierazi zuen Xabi Astigarraga koalizioko legebiltzarkideak Errenteriako agerraldiaren ostean. «Uste dugu aitzakiak uzteko garaia dela, ekiteko garaia iritsi dela. Aurrekariak ez baitira onak. Gogorarazi behar dugu Jaurlaritzak errekurtso bat aurkeztu ziola Etxebizitza Legeari bere aplikazioa oztopatzeko, eta orain ez du nahi tentsio eremuen izendapena lurralde osora zabaltzerik. Borondate politiko falta izugarria dagoela uste dugu. Eta galdera bat egingo diot Jaurlaritzari: nola da posible Nafarroan PSNren gobernuak esatea hiru hilabeteko epean tentsio eremu guztiak izendatuta egongo direla eta, hemen, EAJ eta PSEren Jaurlaritzak esatea hori ezinezkoa dela? Nola liteke lurralde batean egin daitekeena beste batean ezinezkoa izatea?», esan zuen Astigarragak.

BIDEAN DAUDENAK

Bestalde, Itxasok berretsi zuenez, eremu tentsionatu izendatzeko eskaerak egin dituzte Zumaiak, Lasarte-Oriak eta Galdakaok, azken honek hiriaren zati baterako.

Gainera, sailburuak aurreratu zuen Irunek eta Donostiak hilabete honetan egingo dutela eskaera eta, beraz, Gipuzkoakoa izango litzateke izendapena jasoko lukeen lehen euskal hiriburua. Bilboko eta Gasteizko udalek ere eskaera egiteko borondatea dutela adierazi zuen Itxasok.