«Azken doinuak etxerantz!» lelopean agurtuko da Zama Doinuz Arindu
Etxarri Aranatzek urte askotako zama bizi izan du eta bizi du preso politikoen auzian. Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdia martxan jarri zuten duela zortzi urte. Orain, hamargarren edizioarekin, agur esateko tenorea iritsi da, «nahiz eta helburu batzuk ez diren bete». Urtarrilaren 24an eta 26an izango dira azken ekitaldiak.
Auzolanaren garrantziari balioa emanez hasten da Zama Doinuz Arindu jaialdiak helarazi duen oharra: «Gure herria betidanik izan da herri bizia. Betidanik elkartu gara auzolanean eta, mota bateko zein besteko ekimenak izanik ere, herritarren arteko elkarlanean oinarritu izan dira gehienak. Modu horretan aurrera eraman dira hainbat eta hainbat proiektu, eta hori pozgarria da gurea bezalako herri txiki batean».
Izan ere, herrian zuten egoera dramatiko bati erantzuna emateko sortu zen Zama Doinuz Arindu jaialdia 2016an: «Gure herrian datu esanguratsu batek adierazten digu aipatutakoa; azken 47 urteetan soilik 15 hilabetez egon da Etxarrin preso edo iheslaririk gabe. Guk eguneroko bizitzan zama hori sumatu izan dugu eta sumatzen dugu oraindik ere». Preso politikoek dispertsio egoeran urteak eman ostean, oraindik bestelako egoera larriak pairatzen dituzte, eta horiei aurre egiten laguntzeko bederatzi edizio izan ditu Zama Doinuz Arinduk. Hamargarrena izango da 2025eko urtarrilaren 24 eta 26an egingo dutena, eta horrekin ziklo bat itxiko dute.
«Noraino iritsiko ginen jakin gabe hasi ginen bide honetan. Atzera begiratzea besterik ez dugu emaitza nolakoa izan den ikusteko. Ibilbide oparoa izan duen proiektua; ez bakarrik gurera ekarri ditugun musikari eta artisten kopuru eta mailagatik, baizik eta herritik Herriarentzat eta auzolanean aurrera eramandako proiektu emankor bat delako gure herrian», adierazi dute antolakuntzako lagunek.
HELMUGA BAT, BIDEA AURRETIK
Helmuga guztiek ez dute bide baten bukaera markatzen, eta hau ere gisa horretara irudikatu dute: «Hamargarren edizioan jarri dugu proiektuaren helmuga. Jakinik, ez garela helburuetara oraindik iritsi. Jakinik, egon badagoela oraindik zama arintzeko beharra. Baina argi izanik, hil behar direla proiektu zaharrak, berriei jaiotzen uzteko. Itzaliko dira argiak eta isilduko dira doinuak, baina hamar urtez jarraian zama doinuz arintzeak utzi digun zapore onak, ekarriko ditu ekimen berriak, ekarriko ditu bide berriak… guztiak ere, eta guztion artean, etxerantz egiteko. Eskerrik asko proiektu hau posible egin duzuen guztiei!».
HAMARGARRENERAKO SARRERAK
Orain arte hirurogeita hamar artistatik gora igo dira Etxarri Aranazko oholtzara Zama Doinuz Arinduren edizioetan. Hurrengoa bi egunetan banatu dute. Urtarrilaren 24an, ostiralarekin, gaztetxean ariko dira Unidad Alavesa, Skabidean eta Malandro DJa, eta sarrerak Etxarriko Xapatero eta Leku Ona tabernetan salgai daude. Urtarrilaren 26an, igandean, Etxarriko eskolan, Zama Doinuz Arindu jaialdian azkenekoz zabalduko diren mikrofonoen aurrean joko dutenak, berriz, Juantxo Arakama, Brigade Loco, Bulego, El Drogas, Eñaut Elorrieta, Gatibu, Olaia Inziarte, Nøgen, Porrotx, Gorka Urbizu, Zea Mays eta Zetak izango dira.
Aurretik aipatutako Xapatero eta Leku Ona tabernetan eta www.etxarriaranatz.eus webgunean eskuratu ahal izango dira sarrerak.