Estrukturalista
Belotean ari nintzen. Belote, Belot edo Belota, joko hau (agian jolasa da) euskaraz nola idatzi behar dudan zalantza sortu zitzaidan. Karta joko bat da, Lehen Mundu Gerra garaian Frantzian agertu zena; behor eta mando, hemengo edo hango. Antzuak direla biak, mandarra eta mandemea, ez dakit askoz gehiago. Horra ba, pika, hirusta, diamante eta bihotz artean jolastean zertan ibili zen ene burua. Etimologiaren izarretatik hasita, abereen espazioan galdua. Nire joko-lagunak «Coinche» oihukatu zuen arte. Bertso orakularioak utzi eta estrukturalismora jo nuen, badakizue, errealitatea objektuen arteko erlazio multzo moduan aztertzera. Baina jokoa ez da errenta. Negozio txarra, igual. Horregatik behar da gehiago jolastu. Ordubetez bederen, gu, sakelako telefonoari begiratu gabe ibili ginen, geopolitikaz eztabaidatu gabe, edo liskarrak sortuko zizkigun tematika edozeinez. Zein gutxi jokatzen dugun beste ezertan gure eginbeharrekin lotzen garelako. Eta entzun nahi nuke Belotean gabiltzala eta ez musean, ez garela egiazkoak, egiazkoa nor den ez dakidalako. Egoera honetan, denbora galdu edo irabazi egiten den zalantzari nire irribarreek erantzuten diote, ordea, gure herri berean, karta joko desberdinak izateaz gain, Kilometroak eta Lapurtarren Biltzarra egun berean ospatzen baititugu. Hau estrukturala izan liteke; baina ona den, ez dakit.