«Euskararen Errepublika» aldarrikatzera deitu dute abenduaren 7an
Euskara «larrialdi» egoeran dagoela ohartaraziz, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) plataformak mobilizazio nazionalera deitu du abenduaren 7rako Durangon, azokaren testuinguruan, 18.00etan Landako gunetik abiaturik.
Euskararen aurkako oldarraldiak azkenaldian hainbat tokitatik bizkortu egin direla salatu dute: «Epaitegietatik, komunikabide nagusien lerroetatik eta zenbait sindikatu eta alderdietatik». Hau fenomeno isolatu bat ez dela nabarmendu dute, eta «munduan zehar indartzen ari den olatu erreakzionarioaren eta faxismoaren gorakadaren barnean» kokatu dute. Egoera horren aurrean, erantzuteaz gain, EHEk aurrerapausoak emateko deia egin du, «gatazka egokiak piztuz, pedagogia eginez, bestelako borrokekin saretuz eta espazioak irabaziz».
Euskal Herri euskalduna lortzeko «beharrezkotzat» jo du «euskara ardatz izango duen independentzia lortzea, hau da, Euskararen Errepublika eraikitzea».
«Ez dugu dagoenarekin konformatu nahi, ez dugu anestesia edo lasaigarririk behar. Herri euskaldun eta burujabe bat nahi dugu. Askea, zentzu guztietan. Eta, horregatik, bide hori egin nahi duten mugimendu eta borroka horiekin guztiekin batera eraikiko dugu burujabetza. Ez gara zerotik hasiko, asko da jada egin dena. Beraz, gauden tokitik abiatuta eta aurrekoek egindako bidetik ikasiz, egin dezagun burujabetzarako bidea, egunerokoan, intsumisiotik eta antolaturik. Euskal Herria izan dadin mundu ilun honetan itxaropen argia, askapenerako bidean inspirazio iturria», azpimarratu dute EHE-ko kideek.