GARA
BILBO

Ekonomiarekiko konfiantza indizea handitu egin da EAEko enpresen artean

Laboral Kutxak urteko azken hiruhilekoari buruz egin duen ikerketaren arabera, EAEko enpresek baikorrago ikusten dute ekonomia. Konfiantza indizea 55,6 puntukoa izan da, aurrekoan 47,4koa izan zelarik. Prezioei dagokienez, %8,5ek uste du igo egingo direla, eta %83,8ak bere horretan jarraituko dutela.

Gasteizko Mercedes Benz fabrikaren artxiboko irudia.
Gasteizko Mercedes Benz fabrikaren artxiboko irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek baikorrago ikusten dute ekonomiaren egoera, Laboral Kutxaren Ikerketa Batzordeak egindako azken hiruhilekoaren azterketaren arabera. Adierazle guztiak haztatuz, ekonomiarekiko konfiantza indizea 55,6koa da, hau da, aurreko hiruhilekokoa baino handiagoa, 47,4koa izan baitzen. Indizearen balioa 50etik gorakoa izateak jarduera hedatzen ari dela adierazten du. Gainera, balioa handiagoa da beste alderdi geografiko batzuetan lortutakoa baino, adibidez Estatu espainolekoa (53,5) edo eurogunekoa (48,9).

2024ko hirugarren hilabetekorako dituzten aurreikuspenei buruz 142 enpresari galdetu diete ikerketaren egileek. Enpresen %10,6k uste du egoera hobetu egingo dela oraingo hiruhilekoaren aldean, %62k uste du bere horretan jarraituko duela, eta %27,5ek okerrera egingo duela.

Fakturazioari dagokionez, berriz, ikuspegi egonkorra dute enpresek 2024ko hirugarren hiruhilekoari begira. Galdetutako enpresen %19,7k uste du fakturazioa hobetu egingo dela, %57aren iritziz antzekoa izango dela eta %23,2k okerragoa izango dela.

Jarduerak, ostera, 2024ko hirugarren hiruhilekoan hobera egingo du %9,2aren iritziz, eta %26,8aren arabera, okerrera. Berdin jarraituko duela uste du %64,1ek.

ESKABIDEAK ETA PREZIOAK

Eskariei dagokienez, salmenten kopuruek eta prezioek izango duten eraginari buruzko zalantza da nagusi. Alde horretatik, emaitzek iragartzen dute eskariek behera egingo dutela apur bat eta prezioak egonkorrak izango direla. %19,7k eskaeren bolumena handitu egingo dela uste du, eta %23,2k txikitu egingo dela. %57aren arabera, bolumena hiruhileko honetakoaren antzekoa izango da.

Prezioez den bezainbatean, %8,5ek uste du igo egingo direla, eta %83,8k bere horretan jarraituko dutela. %7,7ri jaitsiko direla iruditzen zaio. Eragiketen errentagarritasunari buruzko aurreikuspenei erreparatuta, %91,1en arabera «txikiagoa» edo «berdina» izango da, eta enpresen %9,9k uste du errendimendu handiagoa lortuko duela.

Inbertsioei buruzko ikerketak ikuspegi ezkorxeagoa erakusten du hirugarren hiruhilekorako, aurrekoarekin alderatuta. Inbertsio bolumenari dagokionez, enpresen %12,7k uste du gora egingo duela, %17,6ren iritziz, aldiz, behera egingo du. %69,7ren ustez berdin jarraituko dute.

ENPLEGUA ETA BERRIKUNTZA

Enpleguari dagokionez, %81k ez du aldaketarik espero. %12k langile taldea handitzeko itxaropena du eta %7k guztiz kontrakoa egitea espero du.

Berrikuntza eta I+G ekimenetara bideraturiko salmenten ehunekoaren inguruan, inkestatuen %76,1 balio minimoetan kokatu da, 0 eta %1 artean. Bestalde, %4,2k salmenten %5 baino gehiago bideratzen du arlo horietara.

Bezeroei kobratzeko epearen bilakaerari buruz, inkestari erantzun diotenen %83ren ustez ez da aldaketarik izan azken urtean, eta %9,2ren esanetan luzatu egin da. %7,7k laburtu egin dela erantzun du.

Bankuen finantzaketa eskuratzeko erraztasunari buruz, inkestatuen %83,1ek erantzun du berdin jarraituko duela. %7k hobetu egingo dela eta %9,9k okertuko dela uste dute.