«Zenbat lo» album ilustratua, preso dagoen amaren eta alabaren erresistentzia istorioa
Kontrazaleko istorioa da «Zenbat lo», lehen lerroko kontaketarik izan ez duena. Haur batek kartzelarekin eta preso dagoen amarekin zer harreman duen kontatzen du. Oinarrian Nekane Txapartegi eta bere alabaren istorioa dago. Izaro Lizarraga Galdosenak dira irudiak, eta Iraitz Lizarraga Gomezenak, testuak. Lau eskutara idatzitako lana da.
2016an Zurichen atxilotu zuten Nekane Txapartegi, zazpi urteko alaba eskolara zeramala. «1999an kartzelan egona nintzen, baina orduan ez nintzen ama. Berriz atxilotu ninduten Zurichen, 2016an, eta zapalkuntza guztiek bat egiten duten eremu horretan sartu ninduten. Egunean 23 ordu ematen nituen ziegan, zazpi urteko alabarengandik banatuta. Eta kartzelan nengoela, argi nuen borrokan jarraitu behar nuela, bai hara eraman ninduten ideiengatik eta baita nire alabarekin berriro kalean, askatasunean, egoteko. Espetxetik asko idatzi nuen, Suitzan espetxeen gaia tabua delako. Une horretan ni nintzen preso politiko bakarra. Espetxean jende behartsua eta migrantea zegoen eta inork ez zuen jakin nahi harresi horien atzean zer pasatzen zen. Nik argi nuen espetxe barruan gertatzen diren zapalkuntzak kontatu behar nituela, bereziki emakume, ama eta migrante bezala. Eskura nituen tresnekin, hitza eta papera, hori egin nahi nuen. Eta, bestetik, niretzat oso garrantzitsua zen nire alabari esatea ez nuela abandonatu, baizik eta banatu egin gintuztela. Eta esan nahi nion nork eta zergatik banatu gintuen. Batzuetan joera dago, babestu nahian, isilik geratzeko edo egia ez kontatzeko. Nik garbi nuen bera babesteko gertatu zena kontatu behar niola».
Kartzelatik alabari idatzi zion lehen gutun horri “Ilargiaren negarra” izena eman zion. Amak ez zuela abandonatu eta bere ondoan aske egoteko borroka egingo zuela kontatzen zion bertan. «Joera daukat mina antolatu eta min horretatik sortzeko, mina erresistentzia bilakatzeko», kontatu zuen Txapartegik Hernanin izandako aurkezpenean. Astero bidaltzen zizkion gutunak alabari, piraten abenturekin. «Kanpoan kanpaina indartsua zegoen martxan eta nire alaba bere erara borrokan ari zen, bisitetara etortzen, gutunak bidaltzen. Kanpainaren izena ‘‘Free Nekane’’ zen, baina berak esaten zuen ‘‘Free amatxo’’. Espetxean nengoen bitartean beste familia batean egon zen alaba Zurichen eta beste bi ume zituzten. Horiek ziren nire gutunetako piratak, bisitan etortzen ziren bakoitzean ni askatzen nindutenak. Nolabait borroka horren parte sentitzen ziren eta iruditzen zitzaidan hori ere kontatu egin behar genuela. Gure haurrak borrokan aritu dira jaio direnetik eta horrek aitortza merezi du. Egiletzatik kontatu nahi nuen, subjektu politiko bezala».
KARPETA BATEAN, TXUKUN-TXUKUN
Kalera atera zenean, bere inguruko elkartasun kanpainaren inguruko materiala biltzen ari zela, kartzelatik alabari bidalitako eskutitzak topatu zituen Txapartegik, «karpeta batean txukun-txukun jasota, kronologikoki ordenatuta».
«Pentsatu nuen sekulako materiala zegoela. Gaur egungo kontakizunean, garaileak kontakizuna inposatu nahi duen honetan, hor material interesgarria zegoela konturatu nintzen». Nekane Txapartegi Izaro Lizarragarekin harremanetan jarri eta hordagoa bota zion. Gero Iraitz Lizarraga batu zen proiektura. Bi urteko sorkuntza prozesua erabat kolektiboa izan da, «lau eskutara eta lau bihotzetara» josia, albumeko protagonista diren ama-alabak egile ere izan baitira.
«Iraitz eta biok ohituta gaude elkarrekin lan egitera eta buru-belarri jarri ginen horretara. Zer hartu, zergatik, nola. Elkarrizketa askoren ondoren erabaki genuen 2016a izango zela liburua hasten den momentua, eta ama eta alaba berriro elkartzen zirenean bukatuko zela. Erabaki genuen umeentzako liburu bat izango zela. 7-8 urteko haurrei begira, 2016an Nekaneren alabak zazpi urte zituelako. Zoritxarrez, Euskal Herrian haur asko daude beren bizitzak ez dituztenak inongo liburutan islatuta ikusten. Publiko horri zuzendua dago, nahiz eta publiko zabalagoak ere gustura jasoko duen», azaldu zuen Lizarragak.
Urteetan joera izan da, segur aski haurrak babesteko, Euskal Herriko gatazkak zeharkatutako haurren bizitzak albo batean uzteko, fokua hor ez jartzeko. «Maiz, gatazkan lehen lerroaz hitz egiten da, eta, hala ere, gutxi hitz egiten da denaz. Baina umeak askotan albo-kalte bezala ikusi izan dira, kartzela inguruan zaintza lanetan ari diren emakumeak bezala. Nik kartzelan bizi izan dut umeei zuzenean erasotzen dietela, gu zigortzeko eta gu hausteko. Bisita bakoitzean, nik sentitzen nuen nire alaba politizatzen ari zirela, nire hitza eta nire gorputza bezala. Ni ez nengoen prest hori egiten uzteko, baina konturatzen nintzen nire alaba ere ez zegoela prest, nahiz eta mina egin. Bisita bakoitzean bere gorputza miatzen zutenean, bere marrazkia eman nahi zidanean eta zentsuratzera bidaltzen zutenean -hiru aste beranduago ematen zidaten-, bisita batean saiatzen zenean niri ezkutuan opari bat pasatzen… nik egiletza hori aitortu nahi nuen, haurrak beren modura gurekin batera borrokan ari direla. Nire alaba nirekin euskaraz ari denean ere borrokan ari da, euskara ezertarako behar ez duen herrialde batean. Bere minekin, bere beldurrekin… Guri maitatzea eta besarkatzea bera debekatu ziguten, bisitak kristalarekin eginarazten zizkiguten. Suitzan, mundu guztian bezala, kartzelak pobrezia kudeatzeko eta disidentzia politikoa zigortzeko eremuak dira. Eta kartzelan dauden amak gaiztoak dira; kriminalak, migranteak… gizartetik kanpo daudenak, huts egin dutenak eta bisitarik merezi ez dutenak. Nire alabak era horretako mezuak jasotzen zituen toki guztietatik eta nik egia eman behar nion, kartzelan zergatik nengoen esan, adierazi ez geneukala zertan lotsatu eta gure borroka eta balioak zilegi zirela. Askotan alabari ez nion esan beharrik ere kartzelan zer egiten zuen, berak bere begiekin ikusten zuen. Askotan esaten zidan, ‘horiek zer uste dute?’».
EMOZIOETATIK IDATZITAKO ERRESISTENTZIA LIBURUA
“Zenbat lo” album ilustratuan hitzak bere gordinean jaso dituzte. Emozioetatik idatzitako erresistentzia liburua da eta hitzak, marrazkiak, gutunak eta besarkadak dira erresistentziarako tresna. Hasiera batean, bi hizkuntzatan eman da, euskaraz eta suitzar alemanean. Aurrera begira hizkuntza gehiagotan emateko aukera zabalik dago.
Kartzelaren errealitatea bizi duten haurrentzat apenas dagoen beren bizipena jasotzen duen ipuinik, marrazki bizidunik, filmik… «erronka handia da haur literaturara gai hori ekartzea, baina egin beharreko lana da. Guk ez badugu kontatzen gure historia, nork kontatuko du?», bota zuen galdera Iraitz Lizarragak. «Materiala sortzen hastea garrantzitsua da».
«Umeek galderak dituzte, baina gu baino tresna gehiago dituzte erantzunak topatzeko; telefono mugikorrak, adibidez. Orduan, non jakin behar dute kartzelari buruz? Netflixen eta Disneyn? Nik uste dut guk gure narratibak sortu behar ditugula, ez bakarrik espetxeak zer izan diren kontatzeko, horien kontra nola borrokatu garen kontatzeko batez ere. Niretzat garrantzitsua da memoria historikoa erresistentziatik osatzea eta memoria historiko hori bere osotasunean feminista izatea. Ezin dugu espetxeaz, erresistentziaz, torturaz hitz egin eta hemendik hamar urtera ‘eta guk, emakumeak’ gehitzen hasi. Gorputz horietatik, kontzientzia politikoa hartuta, errealitate hori kontatu nahi genuen. Garbi genuen guk kontatu behar genuela, eta orain; hau ezin da gerorako utzi. Askotan entzun baitugu ‘orain ez da hau tokatzen’», nabarmendu zuen Nekane Txapartegik.