NAIZ eta Ezk Fest, eskutik helduta
Ezkerraldeko gizartearen ekosistema eraldatzeko asmoz sortu zen Ezk Fest. Hori ikusarazteko jaialdia egingo dute hirugarren urtez.
Azaroaren 2an Ezk Fest jaialdiaren hirugarren edizioa izango da Barakaldon. Ansioko azoka eremuan egingo dute, BECetik oso gertu. Horrek ere hartzen du esanahi berezia, orain arte jaialdia egin duten tokiak bereziak izan baitira Ezkerraldearen historia ulertzeko. Aurtengo edizioan lau talde eta bi DJ izango dira oholtza gainean: Buhos, Dupla, Gatibu, Ostikda eta Maricontiza eta Azeri DJak. Ezk Festeko kideek sarrerak eskuratzeko moduan jarri zituzten duela bi aste.
NAIZeko Harpidedunen Txokoan sartuz gero, harpidedunek %40ko deskontua izango dute sarrerak erostean: 22 euroko salneurriaren ordez, 13,2 euroren truke eskuratu ahal izango dituzue. Dena dela, Ticketic plataforman erosi daitezke sarrera orokorrak eta, horrez gainera, hainbat salmenta puntutan ere zabaldu dituzte: Santurtzin, Ahizpak-en; Barakaldon, La Union Sporten; Portugaleten, Casa Vicenten; Sestaon, Kuttun Art-en; Bilbon, Errondabiden; Galdakaon, Herriko Bentan; Gernikan, Arranon; eta Durangon, Oierdin.
Komeni zaizue bizi samar ibiltzea, jaialdiko kontzertuetarako sarreren hiru laurdenak salduta daude-eta dagoeneko!