«Euskal Herri antifaxista irabaztera» deitu du Ernaik Tafallatik U12an
Urriaren 12a «ospakizunerako eguna izatetik urrun» dela sinetsita, Nafarroa osoko gazteak Tafallan bildu zituen atzo Ernaik. Agertu zuten espainolismoa dela faxismoak hartzen duen formetako bat, eta «Euskal Herri antifaxista irabaztera» deitu zuten.
U12a «hispanitatearen esanahi ororen aurkako borroka egun» gisa bizi dutela esan zuten Ernaiko gazteek. «Mota guztietako zapalkuntzak omentzen dituen eguna da gaurkoa: erroan sarraski koloniala, hizkuntza zein kulturaren inposizioak eta herrien ukapena dituena», nabarmendu zuten Tafallako kaleak zeharkatu zituen manifestazioaren ondorengo ekitaldian.
«Balio eta ideia erreakzionarioak» zabaltzen ari diren honetan, Hispanitatearen Eguna hainbat zapalkuntzaren bozgorailu dela ohartarazi zuten. «Sistema heteropatriarkal, kolonialista eta kapitalistaren baitan, zapalkuntzak nahitaezkoak dira. Baina hauek, krisi anizkoitzen momentuan, intentsitatez handitzen dira. Beraz, faxismoak ere intentsitatea handitzen du, fokua sistemaren arduratik desbideratzeko asmoz. Migrazioaren kontrako mezuak horren adibide argia dira», erantsi zuten.
ANTOLAKUNTZA
Faxismoaren kontrako norabidean bidea egiten ari da, ordea, Ernai, eta emandako pausoak aldarrikatu zituzten atzoko mobilizazioan. «Feminismoaren hegemonizazioan, eskubide sozial eta politikoetan, euskararen zabalpenean... aurrera goaz».
Baieztatu zutenez, erregimenari beldurra ematen dio «lurpean nahi zuten Nafarroa zutik ikusteak», eta erreakzionatu egiten du: «Horren adibide dira Tuterako jaietako txupinazoan ‘Que viva España’ jartzea, edo UPNk txosnak debekatzea Lizarran».
Antolakuntzaren bidez erregimen hori arrakalatu eta faxismoari ateak ixtea funtsezkoa dela nabarmendu zuten antolakundeko kideek. «Erregimen ustelari arrakalak sortzen ari gatzaizkio, fronte ezberdinetatik: euskararen aldeko ekimenetan, zaintza sistema publiko komunitario baten alde lerratzen, eskubide sozialetan aurrera urratsak ematen, palestinar herriarekiko elkartasuna adierazten... Izan ere, ongi antolatutako herriak helburu handiak lor ditzake, eta den-dena irabaztera goaz», aldarrikatu zuten.