«Polita litzateke berdin sentitzen garenon dimisioak pilatzea»
Jon Marquet Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidenteak dimisioa eman zuen joan den astean. «Urte osoa daramagu laguntzak eskatzen, baina oraindik berdintsu jarraitzen dugu». Jarduneko presidenteak salatu du «futbol talde xumeek» eta triatloiak ezin dutela diru kopuru bera jaso. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez die erantzun.
Jon Marquet Gipuzkoako Triatloi Federazioko presidenteak dimisioa eman zuen joan den astean. Momentuz jarduneko presidentea dela adierazi du NAIZ Irratian, eta sistema berria martxan jarri arte karguan jarraituko duela. «Urte olinpikoa denez, hauteskundeak egin behar genituen, baina lege berri bat ateratzen zela-eta, horren baitan antolatu behar genituen hauteskundeak. Urte osoa horrela ibili gara, eta oraindik berdintsu jarraitzen dugu».
Dimititzeko erabakia «bat-batekoa» izan dela nabarmendu du Marquetek: «Kontua luzatzen ari zela ikusita, iruditzen zitzaidan nolabait ikusgarria egin behar nuela».
Araudi berria atera bitartean, ezin dute ez atzera ez aurrera egin. «Aurten hauteskundeak egon behar ziren, baina zuzenean hara joango bagina, kiroltxo bat izanik, inor konturatu gabe pasatuko ginateke». Gauzak horrela, Marquetek pentsatu zuen momentua zela pixka bat azaltzeko zein den egoera eta nola dauden kirol desberdinak. Haren hitzetan, «batzuek sekulako baliabideak dituzte, baita sekulako boterea ere».
Bereziki, futbola aipatu du: «Futbolak badu bere diru iturria, batez ere telebista eskubideengatik. Horrekin, laguntza besteok jaso beharko genuke. Aurten dirulaguntza orokorretan, lehen kanpoan zeuden arren, aurten futbol talde xumeak gure zaku berean sartu dituzte».
Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen dute zein den horretarako irizpidea. Marquet 2021ean sartu zen presidente Gipuzkoako Triatloi Federazioan. Momentu hartan federazioak «17.500 euro inguru» jasotzen zituen Aldunditik. Marquetek azaldu du lehenengo eta bigarren urtean diru kopuru hori jaso zutela, eta emakumeen triatloia bultzatzeko proiektua egin zutenean, «22.000 eurora» igo zutela kopurua. Bestelako laguntzak ere badituzte; adibidez, lau urtean behin materiala erosteko, urtero sei federazioei ematen zaiena.
«ERANTZUN GUTXI» HORREN INGURUAN, JARDUNEKO PRESIDENTEAK ADIERAZI DU «NAHIKO ARRAROA» DELA: «NIRI NORMALENA IRUDITZEN ZAIT BILERA BAT EGITEA, ETA GUREKIN ADOSTEA ZER EROSI. BAINA HOR ERE, IA-IA LEHIAKETA BAT BEZALA EGITEN DUZU. NORK BERE ESKAERA AURKEZTEN DU, BERAIEK PUNTU BATZUK ONARTZEN DITUZTE, ETA HORREN BAITAN EMATEN DIGUTE DIRULAGUNTZA. IAZ ESPERO GENUEN BAINO GUTXIAGO JASO GENUEN; ERREKLAMATU, ETA ARGIBIDE ASKORIK EMAN GABE GEHIAGO EMAN ZIGUTEN».
Horrelako beste adibide bat ere jarri du Marquetek. Eskola mailan ere dirulaguntza batzuk zeuden eta triatloia hortik kanpo geratu zen. Zerrendan ez egotearen arrazoia eskatu, eta laguntza jasoko zutela adierazi zion Aldundiak federazioari. «Bat-batean, behin-behineko zerrenda atera zuten, eta jartzen zuen triatloia aurrekontutik kanpo zegoela. Argitzeko eskatu dugu eta ez dugu erantzunik jaso».
Gipuzkoako Aldundia aldebakarreko erabakiak hartzen ari ote den galdetuta, Marquetek esan du haiekin «gehiago» hitz egin behar dutela: «Galdetu dugun gutxietan, erantzun gutxi jaso ditugu, eta uste dut gehiago merezi dugula».
Federazioak ere autokritika egin du. Emakumeen triatloiari bultzada emateko proiektua sortu zuten, eta lehen bi urteetan gorakada bat sumatu zuten arren, Marquetek adierazi du azken urtean goranzko joera gelditu egin dela: «Liga misto bat sortu genuen, bi emakumeren partaidetzarekin, klubek puntu batzuk eta hainbat laguntza jaso zitzaten. Indartzen joatea zen asmoa, baina gorakada gelditu egin da. Pena bat da. Puntutxo bat gehiago beharko genuke sustapenean».
Orain dela bi aste Zarautzen egin zuten bikote mistoen proba, eta 250 bikotek parte hartu zuten; partaidetza «polita», Marqueten hitzetan. Baina, adibidez, Donostiako emakumezkoen triatloian, partaidetza «pixka bat gelditu» egin da: «Aurten ez dugu egin eguraldiagatik, baina duela sei-zortzi bat urte 300 emakumetik gora lehiatzen ziren, eta orain 200-250era iristea zaila izaten da».
Kosta egiten da jendea triatloira erakartzea? Federazioko jarduneko presidenteak nabarmendu du material «asko» behar dela, eurek ere zailtasunak dituztela mugitzeko, eta klub bakoitzak bere herrian bultzatu behar duela triatloia: «Diziplina hau nahiko korapilatsua da».
«Aurpegi berriak» Horren guztiaren aurrean, zein da irtenbidea? Zein bide hartu behar du triatloiak? Jon Marquetek ez du erantzun garbirik. Triatloia eskola kirolean sartzea izan zen proposamenetako bat, baina presidenteak adierazi du hori bultzatzen hasi zirela baina ez dutela asmatu: «Zailtasunak izan genituen. Momentu batean saiakera egin genuen, baina esan ziguten momentuan ezin genuela hori egin, triatloia ez baitago eskola kirolaren barruan… Gainera, zaindu behar duzu bailara desberdinekoak ezin direla mugitu batetik bestera adinaren arabera eta abar. Triatloia egiten hasten direnak, gehienetan gurasoek bultzatuta da. Multzo bat elkartzea zaila izaten da».
Marquetek dimisioa jakinarazi ostean Gipuzkoako Foru Aldunditik erantzunik jaso ote duen galdetuta, adierazi du berarekin harremanetan jarri zirela: «Jakin nahi zuten zein modutan burutu nuen dimisioa»; izan ere, kirol entitateen erregistroan egin behar zuen, bestela ez baita baliagarria. Marqueten erantzuna izan zen «lehendabizi materialaren inguruan egin zituzten bileren erantzuna jaso nahi dudala, eta gero egingo ditudala egin beharrekoak».
Orain «prozesu batean» sartuko direla azaldu du presidenteak. Hauteskundeetan norbait aurkezten bada, harentzat «hobeto»: «Duela hiru urte sartu nintzen ikusten genuena ez zitzaigulako gustatzen. Indarra hartzeko sartu ginen, eta uste dut gure lana egin dugula. Aurpegi berriak behar dira triatloiari bultzada emateko».
Amaitzeko, NAIZ Irratiko mikrofonoa eta bozgorailua baliatu du gainerako kirol gutxituei proposamen potoloa botatzeko: «Polita izan daiteke pixka bat berdintsu sentitzen garenok aurrerapausoa ematea, eta sistema berria atera bitartean, dimisioak pilatzea».