Unai Laso indartsu itzuli da kaiolara
Pronostikoak bete zituen Bizkarreta-Gerendiaingoak Lau eta Erdiko final-zortzirenetan, Iker Salaberriaren aurka 22-6 irabazita. Goizuetakoak ilusioz ekin zion partidari, baina Bilboko Bizkaia pilotalekuan ezin kokatuta egon zen, Laso oldarkor baten aurrean.
«Tentsio handiko partida zen, asko zegoelako irabazteko», esan zuen Unai Lasok, Bilbon, Lau eta Erdiko txapelketako ligaxkarako txartela eskuratu berritan. Asko dagoenean irabazteko, galtzeko ere beste horrenbeste egoten da eta, akaso, tentsioak bigarren arrazoi horregatik egiten du gora. Dena dela, Bizkarreta-Gerendiaingoak ongi kudeatu zituen nerbio eta zalantza oro, aspaldi trebatu gabeko kaiolakoan nagusitasuna erakutsiz.
Joan den urtean, aldakako lesio bat tarteko, ezin izan zen lehiatu Lau eta Erdikoan eta, beraz, 2022ko arantzatxoak bere horretan jarraitu du. 2021ean finalera iritsi ostean -Altuna III.enaren aurka galdu zuen-, finalerdietatik at geratu zen duela bi urte, ligaxkan partida bakarra irabazita. Unerik onenean zegoen, Buruz Buruko lehen txapela irabazi eta Binakakoan ere finala jokatu baitzuen. Urte hartako azken txapelketan, baina, ez zituen sentsazio onak lagun izan.
Hain zuzen ere, sentsazio onak eduki izanari eman zion atzo garrantzia, emaitzaz gaindi. Partidak kolore bakarra izan zuen, Lasoren elastikoaren kolore gorria, eta Iker Salaberriaren ilusio guztiak hankaz gora jarri zituen. Goizuetakoak iazkoa errepikatzea zuen helburu: ligaxkan sartzea. Joan den urtean Urrutikoetxea izan zuen biktima baina, aurten, urrats bat gorago dagoela erakutsi duen Lasoren aurka ez du bere maila eman. «Gehienbat, berak behartu nauelako», onartu zuen Salaberriak. Triste agertu zen partida txarra egin izanagatik, baina meritua Lasorena ere izan zela nabarmendu nahi izan zuen.
Baikoko aurrelariak ez zion aukerarik eman joko indartsu eta argiarekin. Pilotarekin erosoago moldatu zen, bai eta joko eremuan ere. Salaberriari kosta zitzaion pilota eskuan sartzea eta, lehen tantoa berea izan bazen ere, partida osoan zehar ez zituen bi tanto elkarren segidan egin. Kosta egin zitzaion tantoak egitea -pilatutako sei tantoetatik erdiak Lasok galdutakoak izan ziren, txapara botatako pare bat pilotakadekin- eta sakean ez zuen asmatu. Edo kontrara, Lasok asmatu zuen errestoan.
KONTZENTRATUTA
3-2koa egin ostean bere pilota aukeratzea erabaki zuen Goizuetakoak baina, hain justu, Laso erosoago batekin egin zuen topo. Bizkarreta-Gerendiaingoak beste bost tanto egin zituen takada batean, aurkariaren pilotarekin, eta 9-4koaren ostean, beste zazpi tanto pilatzeak, partidatik erabat atera zuen Iker Salaberria. Eramatekoak ziren pilota batzuetan ez zuen asmatu eta bere ezinegona agerikoa izan zen: «Nik ez nekien aurrera egin, atzera egin; pilotakada bakoitzean ez nion minik ematen».
Lasok, bestalde, zital jokatu zuen, Salaberria hankartean eramanda, alde batetik bestera mugitu eta errematean fin arituta. Guztira, 16 tanto egin zituen. Hasieratik erakutsi zuen bere maila eta horrek garaipenerako bidea erraztu zion: «Banekien zentratuta atera behar nuela, mina egiten banuen bera deseroso sentitu zitekeelako». Modu berean, partida osoan kontzentrazioa mantendu izana ere baloratu zuen; «azken aldian kostatu egiten zitzaidalako». Konfiantzaz iritsiko da ligaxkara. Peio Etxeberria eta Peña II.ena ditu zain B multzoan, eta bihar erabakiko da laugarrena: Elordi edo Zabala.
Iraitz Zubizarreta, txinpartarekin aurrera
Iraitz Zubizarretak, ziurrenik, bere ibilbideko garaipenik sonatuena lortu zuen ostiral gauean Agoitzen; horrenbestez, lehen mailako Lau eta Erdiko final-laurdenetako ligaxkan arituko da lehen aldiz; Erik Jaka, Jokin Altuna eta gaur, Lekunberrin, garaipena eskuratzen duen Ezkurdia edo Artolarekin osatuko du taldea. Kaiolakoari hasiera eman dion belaunaldi arteko talkan, goierritarraren txinparta gailendu zitzaion Urrutikoetxearen erresilientziari (14-22).
Gipuzkoarra azkarrago egokitu zen kaiolara eta azkar irabazi zuen jokoaren ekimena. Efektuekin eta bi paretakoari etekina aterata, alderik alde ibili zuen Zaratamokoa eta pilotakada askorik eman beharrik izan gabe (96), zazpi tantoko aldearekin joan zen lehen atsedenaldi luzera (5-12). Alde hori beste lau tantotan ere handitzea lortu du goierritarrak. Urrutikoetxeak, hala ere, sakearekin lortu zuen krisitik ateratzea, lau tanto jarraian eginda (12-16). Determinazioa falta izan zitzaion partidari berme guztiekin buelta emateko eta Zubizarretak garaipen handia berretsi zuen.Jon ORMAZABAL