Ane URKIRI
DONOSTIA
MANIFESTAZIOA DONOSTIAN

«Herri egiten gaituen» oinarrizko ziklismoa babesteko pedalkadak

Euskal Herriko txirrindularitza taldeetako ehunka kide eta ziklista Donostian mobilizatu ziren atzo, batez ere Gipuzkoan korapilatutako arazoari irtenbidea emateko baina, oro har, harrobia babestearen garrantzia ere aldarrikatu zuten. Bide batez, txirrindularitzak euskal gizartean daukan inpaktua ere nabarmendu zuten.

«Konponbidea; txirrindularitzan eskubideen alde» lelopean egin zuten manifestazioa Donostian, Belodromotik Bulebarrera.
«Konponbidea; txirrindularitzan eskubideen alde» lelopean egin zuten manifestazioa Donostian, Belodromotik Bulebarrera. (Jdoia ZABALETA | FOKU)

«Euskaldunok batzen gaituen kirola da txirrindularitza»; Santi Osorok esana da, duela gutxira arte Gipuzkoako Txirrindularitzako Federazioko presidente izandakoak. «Herri egiten gaituen» kirol honek, baina, azkenaldian buruhauste gehiegi ekarri dizkio Gipuzkoako Federazioari, bai eta herriko klub txikiei ere; finean, harrobian egunero lanean ari direnei. Hala, muturrera jo behar izan dute: kalean mobilizatzera, bizikletak hiri erdigunera atera eta pedalkadaz pedalkada eta autoetako klaxona joz haserre daudela agertzera.

Belodromoan hasi eta Bulebarrean bukatu zuten, ordu eta erdi inguruko martxa osatuta. Batez ere, Gipuzkoako klubetako txirrindulariak eta hainbat egituratan aritzen diren kideak izan ziren Donostiako kaleetan, baina Euskal Herri osoko ordezkariak ere gerturatu ziren; Araba, Bizkai eta Nafarroako klubak, bai eta Bidasoaz bestaldeko Iparralde taldea. «Gipuzkoako egoera makurrak denei eragiten die; hau da motorra, hemen antolatzen baitira lasterketa gehienak», azaldu zion GARAri Osorok. Bukaeran egindako hitzaldian, halere, herri oso baten kezka agertu zuen, orain Gipuzkoan korapilatuta dagoena baina soka tenkatzen hasiz gero gainerako lurraldeetara ere irits daitekeena.

Lasterketen egutegia arazo-rik gabe burutzea utopia bilakatu da azken urteetan, errepidean bermatu beharreko segurtasuna ezartzeko herrialdeko Trafiko Zuzendaritzaren aldetik jarritako etengabeko oztopoekin. 2023ko egutegia hankaz gora jarri zuen -Aiztondo Klasikoa lasterketa entzutetsua, esaterako, bertan behera geratu zen-; 2024koa ere zalantzekin hasi eta soka gehiegi tenkatu da. Horrenbestez, egutegia burutu den arren, Gipuzkoako Federazioko zuzendaritzako kide ia guztiek -batek izan ezik- dimisioa aurkeztu zuten udan eta behin errepideko denboraldia bukatu denean, haserrea eta kezka kalera atera beharra zegoela ikusi zuten.

Hain justu, manifestazio hau antolatzeko lehen urratsetan zeudela iritsi dira Gasteizko Gobernuaren lehen deiak, iaz osatutako txirrindularitzako mahaian aurreneko bilerak egiteko; azken urtean eskatzen ibili diren minimoa, alegia. «Tira, ikusten dugu behintzat mugitu dela zerbait eta, eskatzen genuen moduan, bilera horiekin hasiak gara», onartu zuen Santi Osorok. «Hala ere, muturreraino iritsi behar izan gara lehen urrats hori emateko», zehaztu zion GARAri Abraham Olanok.

ERAGILEEN MAHAIA

2023ko ekainean -Tourra Euskal Herritik abiatzear zegoela-, EH Bilduren ekimenez aurkeztu zen Gasteizko Legebiltzarrean oinarrizko txirrindularitza lasterketetan segurtasuna bermatzeko mahai bat eratzeko proposamena. Aho batez onartu zen, baina duela gutxira arte pare bat bilera deitu zituzten eta horietan federazio eta trafiko arduradunak baino ez ziren bildu. Berez proposamenak jasotzen zuen eragile guztiek egon behar zutela -antolatzaile, federazio, alderdi, Ertzaintza, moto-enlazeak...-.

«Trafiko arazo bat izango bagina bezala tratatzen gaituzte», esan zuen orain arteko Gipuzkoako Federazioko presidenteak eta «estorbo bat garela ikustetik etorkizuna garela ikustera» igarotzera dei egin zien eskumenak dituztenei. Harrobia baita edozein kirolen motorra, bai eta «egunak joan egunak etorri, klub txikienetan lanean ari diren kideak» ere. Hain zuzen ere, txirrindularitzaren funtsa eliteko txapelketez gaindi dagoela nabarmendu nahi izan zuen.

Jon duela hamar urte sartu zen Lagun Onak txirrindulari elkarteko zuzendaritzan eta azaldu du azken urteetan gainbehera agerikoa izan dela. Lasterketetan segurtasuna bermatzeko arazoarekin egin du gainezka edalontziak, baina zailtasunak esparru guztietan daude: «Anbulantzia eta aseguruen prezioen igoerak, boluntarioak bilatzeko zailtasunak -gazteak ez baitira animatzen-, Gobernuaren exijentziak gero eta zorrotzagoak dira eta gero eta laguntza gutxiago eskaintzen dute...». Junior eta senior taldeak dituzte Azpeitian; Azkoitian, aldiz, haurrak eta kadeteak hezten dituzte. «Gurekin hasten dira eta gero Azpeitian jarraitzen dute bidea; zentzu horretan, elkarlana daukagu», esan du Mikelek, Azkoitiko taldeko zuzendaritzako kideak. Lagun Onak taldeko autoan doaz elkarrekin, klaxon hotsez Donostiako giro lasaian zarata sortzen.

«Etorkizuna beltz» ikusten dute eta ez dute uste konponbide errazik duenik. «Konponbidea» izan zen, hain zuzen ere, mobilizazioan erabili zen lelo nagusia. Ulergaitza zaie «Ertzaintzari eman zaion erabakitzeko ahalmena» lasterketa batzuetan segurtasuna bermatzea ezinezkoa zaiela arrazoitzeko. Araban eta Bizkaian ez da antzeman arazorik eta lasterketetako segurtasuna oztoporik gabe bermatzen da. Gipuzkoan, aldiz, Ertzaintzak pertsonal falta argudiatzen badu ere, Lakuak defendatu izan du lasterketak normaltasun osoz egiteko adina ertzain badaudela, Osorok hedabide honi udan azaldu zionez.

«Badakigu helmuga zein den eta bitartean ekinean jarraitu behar dugu», esan zuen, ehunka manifestari aurrean zituela. Denek pedalei norabide berean eragiten jarraitu behar dutela azpimarratu zuen. Mobilizaziora batu zen jendetza nabarmendu zuen Olanok; «gure kezka beraiena ere badelako. Honekin ikusi dugu gure erabakiak edo eskatzen genuena ez direla kapritxoa, baizik eta esparru honetan dauden sentipenen ondorio».

EUSKAL HERRIA NAZIOARTEAN

Atzo batu ziren ehunka pertsonen artean egon daiteke etorkizunean erreferente bilakatuko den txirrindulariren bat, baina oinarria hauspotu beharrean ahultzen uzten bada, «euskaldunok batzen gaituen txirrindularitza» indarra galtzen joango da. «Kirol honi esker, nazioartean herri bat gara eta ez daukagu aurkeztu beharrik», baieztatu zuen Osorok.

«Oroitzapen onenak herriko taldean eratzen ditu txirrindulari batek; gero, profesional izatean, lana bilakatzen denean, ez daude hain oroitzapen onak», esan zion GARAri Olanok eta, beraz, harrobia lantzea funtsezkoa iruditzen zaio, kirol ikuspegitik harago, giza ikuspegitik. Herri baten bihotzean egunez egun eragiten ari direnak horiek baitira, izan txirrindularitzan edo beste esparru batzuetan. «Konponbidea» argia da: oinarrizko txirrindularitza zaintzea. Horretarako urratsak eragile guztien artean eztabaidatu eta erabakiak hartu beharko dituzte dagokion mahaian, herriaren kezka agerikoa dela ikusi eta hausnartu ostean.