MEDIKU AZTERKETA, «BIZIA ARRISKUAN EZ JARTZEKO GARRANTZITSUENA»
Udazkena lasterketa garaia izan ohi da. NAIZ Irratiko «KirolHaria»-k astero egingo duen saio berria estreinatzeko nor hoberik kirol mediku bat baino; Iñaki Arratibel. Tolosarrak, «ofizialki jubilatuta», mediku azterketa egitea zergatik den garrantzitsua azaldu du. Hemen bildu ditugu haren hitzak laburtuta.
Euskal Herrian aurten dagoeneko antolatu dira zenbait atletismo proba , profesionalak zein herrikoiak, baina begirada guztiak Behobia-Donostia lasterketan izaten dira; aurten datorren azaroaren 10ean izango da. Atletismo proba horrekin edota edozein kirolekin lotuta, mediku azterketei buruz mintzatu da Iñaki Arratibel kirol medikua; besteak beste, prebentziorako, kirolarien errendimendua hobetzeko, atletak patologiarik duen jakiteko edota bere bizia arriskuan jar dezakeen zerbait baduen jakiteko balio dute.
Amaierara iritsi baino lehen, horrela laburbildu du Arratibelek azterketa mediko bat zertarako den: «Osasun aldetik nola zauden jakiteko -bihotzeko arazorik dagoen edo beste arazo mota batzuk-, eta nolako sasoia duzun jakiteko. Oso sinplea ematen du, baina bizia zaintzeko garrantzitsuena da».
«Atletek batzuetan pentsatzen dute kirolariak direnez, ez dutela proba hori egiteko arazorik izango, eta hori ez da horrela». Adibidez, gaztetan takikardiak eta arritmiak sor ditzaketen malformazioak egon daitezke.
Adin batetik aurrera beste arazo batzuk daude, arterioesklerosiarekin edo odol hodiekin loturiko arazoak. Tolosarrak emandako datuen arabera, «kontsultan 700-800 proba egiten ditugu, eta horrek esan nahi du urtero 1-2 agertzen zaizkigula patologia honekin».
Mediku azterketa egiteko beste arrazoi bat kirola egin ahal den edo ez erabakitzea da. Horren «adibide on bat» Juan Martinez de Irujo pilotari ohiaren kasua da: «Daukazuna ez da bizitzarako arriskutsua, baina ezin duzu goi mailako kirola egin edo ezin zara partida batean 200 pultsaziotan jarri».
Ohiz kanpoko beste kasu baten adibidea ere jarri du. Tolosako 14-15 urteko neska arraunlari bati arazo larria izan zitekeen bihotzeko «arazotxo» bat aurkitu zioten, kardiologora bidali, bihotz-ablazioa egin eta orain jada arraunean ari da.
Mediku azterketa baten helburua, azken finean, bihotza atsedeneko pultsazioetatik, 60-65etik, 190era pasatzen denean arazorik dagoen edo ez antzematea da. Ahaleginaren ekonomia ere hor dago. Iñaki Arratibelek Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra artatzen du aspaldi. Kirolaria orain entrenatzaile norvegiar batekin ari da eta duela gutxi inork espero ez zuena lortu zuen, rollerskiko munduko txapeldun izatea. «Bera ere harrituta zegoen, eta esaten zidan: ‘Joe, zenbat aldiz gogoratu naizen esaten zenidanaz: basea, basea, basea’. Hori da entrenatzaileak orain berarekin landu duena. Ez du ia intentsitate handiko entrenamendurik egin eta Faduran egindako 4-5 testetan ikusten da esfortzuaren ekonomia hori nola hobetu duen», azaldu du Arratibelek.
BEHOBIA BEZALAKO LASTERKETA BAT
Lasterketa herrikoi handienetako hau gutxi barru izango denez, horren inguruan ere mintzatu da kirol medikua. Zegama-Aizkorri, Ehunmiliak, Quebrantahuesos eta halako nazioarteko probetan parte-hartzaileei agiri medikoak eskatzen hasi dira. «Nik uste dut filtro bat jarri dela eta jada ez da etortzen, garai batean bezala, edozein mediku azterketak egitera», azaldu du Arratibelek.
Ildo horretan, Behobia-Donostiak azterketa mediko bat egitea gomendatzen du. «Garai batekin alderatuta, gaur egun parte hartzen duen jendea askoz ere prestatuago dago, eta hori antolatzaileen meritua da», azpimarratu du herri lasterketaren arduradunei buruz. Alabaina, «jendea hori egitera derrigortzen baldin baduzu, nik uste dut 5.000 gutxiagok parte hartuko luketela», gaineratu du eta horrek arazo ekonomikoa ekarriko omen lieke antolatzaileei. «Nik uste dut instituzioek pentsatu beharko luketela nolabait diru hori kudeatu eta ziurtasun bat eman beharko luketela».
«Nik meritua aitortzen diot Behobia-Donostiari, horrek bultzatu duelako gizartea kirol gehiago egitera, sasoi hobean egotera, eta beraiek ere konturatu dira eta esaten ari dira mediku azterketak egiteko, gutxienez gomendio bezala», azaldu du.
Ildo horretan, Behobia-Donostiaren antolatzaileek badaramatzate edizio batzuk beste arazo batez ohartzen: bero kolpeak. Izan ere, 21 kilometroko lasterketa bat ez da txantxetan hartzekoa. «Niri batek esan zidan: ‘Maratoi erdia ez, nik Behobia korrituko dut’. Eta Behobia zer dela uste duzu? Oraindik festa bat bezala ikusten da», ohartarazi du kezkatu antzean kirol medikuak. Berari, pertsonalki, Lilatoia bezalako bost kilometroko probak «asko gustatzen» zaizkio, eta korrikalariei proposatzen die «pixkanaka distantziak handitzea». Izan ere, «emakume asko horrekin hasi dira eta ondoren gehiago sartzen hasi dira». Azken finean, beti geratuko da galdera edo zalantza bera: «Behobia batekin debutatzea? Zer nahi duzu nik esatea?».