GARA
BILBO

«Beltz-tratulari» deitu zion Voxeko diputatua salatu du Aita Marik

Aita Mari erreskate ontziak epaitegira eramango du Jesus Albiol; hots, «beltz-tratulari» eta «pertsonen trafikoko mafien laguntzaile» deitu zion Burrianako Voxeko zinegotzi eta Valentziako Parlamentuko diputatua. GKEari buruz esan zuena zuzentzeko eskatuko dio.

Aita Mari ontziari Bilboko portuan joan den martxoan egindako harrera.
Aita Mari ontziari Bilboko portuan joan den martxoan egindako harrera. (Aritz LOIOLA | FOKU)

SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak, Aita Mari euskal erreskate ontzia kudeatzen duenak, demanda aurkeztu zuen atzo, Jesus Albiol Burrianako Udaleko Voxeko zinegotzi eta Valentziako Parlamentuko diputatuak GKEaren aurka esandakoak zuzen ditzan. Albiolek, izan ere, «beltz-tratulari» eta «pertsonen trafikoko mafien beharrezko laguntzaile» gisa definitu zuen Aita Mari ontzia.

Gerratik, gosetik eta miseriatik ihesi Mediterraneoan barneratzen diren pertsona migratzaileak erreskatatzeko ontzi bilakatu zen Aita Mari arrantza-ontzia. Azken urteetan, halako salbamendu ontziek beren misioetan atseden hartzeko eta mantentze lanak egiteko babeslekua aurkitua zuten Burrianako eta Vinaroseko portuetan, Valentzian. Baina gaur egungo Consellak, PPren agindupean, Voxen inposizio bati men egitea erabaki zuen, eta 63.000 euro arteko tasak exijitu dituzte portuetan azken lau urteotan. Praktikan, salbamendu humanitarioko flota Valentziako portuetatik bidaltzea da hori egitea.

Erabaki horren ondorioz, Jesus Albiol Voxeko diputatuak aipatutako akusazioak egin zituen GKEaren aurka hainbat foro publikotan, eta bere alderdiak adierazpen horiek zabaldu zituen sare sozialetan. Horregatik erabaki dute Aita Mariko kapitainak eta GKEak kontziliazio-demanda aurkeztea -kalumnia eta irainen kereilaren aurretik-, entitatearen eta eskifaia-kideen ohorea kaltetzeagatik.

XEDEA: «LAGUNTZA TRABATZEA»

GKEko presidenteorde Amaia Iguaranek adierazi zuenez, eskuin muturreko alderdiek «giza laguntza trabatu» nahi dute.

«Erretorika xenofoboa» erabiltzen dute, jendartean migranteekiko beldurra elikatzeko. Itsasora ateratzen garen aldiro ikusten duguna, ordea, izututako pertsonak dira, gosetik edota bonbetatik ihesi etorkizun hobe bat bilatzen dutenak. Zergatik arriskatu bizia? Mendebaldeko erosotasunean bizi garenok ezin dugu imajinatu ere egin, gaizki badoakigu ere», hausnartu zuen.

INTERES PUBLIKOKOA

SMHko presidenteordeak nabarmendu zuen giza eskubideen alde eta biziak salbatzeko itsasoan egiten duten lana «interes publikoko» izendatu dutela eta sari garrantzitsuak jaso dituztela bai jendartearen bai instituzioen aldetik.

2019an Aita Mari Mediterranoan salbamendu lanetan hasi zenetik, 1.328 pertsona erreskatatu ditu bizirik. Urtez urte ugarituz joan dira erreskateak: 2019an, 79; 2020an, 202; 2021ean, 258; 2022an, 288; 2023an, 424; eta aurten, gaur-gaurkoz, 77.