Guggenheim Urdaibai Stop-ek manifestazioa deitu du hilaren 19rako Gernikan
Bizkaiko Aldundiak, Lakuako Gobernuak, espainiar Gobernuak eta Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioak Busturialdean «inposatu nahi duten» Guggenheim Urdaibairen aurka mobilizazioa deitu dute larunbat honetarako. Hala, 18.00etan Pasealekutik abiatuta, Gernikako kaleak hartzeko deia egin die plataformak herritarrei.
Eider Gotxi kideak atzo azaldu zuenez, irailaren 10ean Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batu ziren. Hark esan zien proiektua ez dagoela definituta eta, beraz, informaziorik ezin ziela eman. Etxanobek leporatu zien ezagutzen ez duten proiektu baten aurka daudela, eta Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kideek erantzun zioten nola den posible «ezagutzen ez duten proiektu baten alde egotea».
Halaber, azaldu zuen urriaren 3an Eneko Andueza PSEko buruarekin bildu zirela eta hark ere ziurtatu ziela ez duela proiektua ezagutzen, nahiz eta EAJrekin sinatu zuen Gobernu akordioak egitasmo hori gauzatzea jasotzen duen. Plataformaren iritziz, hori «ez da onargarria, arduragabekeria da». Hilaren 8an Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura sailburuarekin izan zirela ere jakinarazi zuen. Bengoetxeak «bikote arraro bat» jarri omen zien mahai gainean, «natura eta artea» lotzen dituena.
Atxikimenduen artean, Xabi Solano musikaria, Itziar Ituño aktore eta musikaria, Porrotx eta Marimotots pailazoak, Miren Amuriza bertsolari eta idazlea, Gernikako udal langileak eta Blanca Urgell Kultura sailburu ohia ageri dira.