Hezkuntzaren pausoa baloratu arren, greba eginen dute Nafarroan
Nafarroako eskola publikoko sindikatuek Hezkuntza sailburuaren proposamen bat jaso dute. Bertan sartzen da, adibidez, ikasleen ratioa jaistea. Erran dutenez, «abiapuntua» izan daiteke negoziazioan sakontzeko, baina «ez da aski» eta greba eginen dute urriaren 29an.
Irakasleen Mahai Sektorialean parte hartu ondoren, Nafarroako hezkuntza publikoko sindikatuek Carlos Gimeno sailburuak mahai horretan bertan aurkeztu zien proposamena baloratu zuten atzo. Azaldu zutenez, «ez da nahikoa», baina «abiapuntu bat» izan daiteke negoziazioan sakontzeko. Edozein kasutan, urriaren 29ko grebari eutsiko diote momentuz.
Gimenoren eskaintzan sartzen da Haur Hezkuntzako ikasleen ratioak txikitzea, neurri hori pixkanaka bertze mailetara zabaltzeko aukera, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasleak gehitzea (dagoeneko aplikatzen ari diren 1.000 errefortzu ordurekin), eta zama burokratikoa arintzea.
Sailburuak adierazi zuenez, 55 urtetik gorako irakasleei saioen murrizketa arautzeko asmoa ere helarazi diete, hiru urteko itun baten proposamena -justu legealdia amaitzeko gelditzen den denbora- osatzen duten bertze puntuekin batera.
23 IKASLE
Hezkuntza Saila prest dago eskola publiko guztietan ratioa 23 ikaslera murrizteko, HHko bigarren zikloko lehen kurtsotik hasita, 2025-2026 ikasturtean. «Poliki-poliki eta ebaluatuz, neurri hori hurrengo kurtsoetara zabaltzeko eta HHko bigarren zikloan 20 ikasleko ratioa egonkortzeko konpromisoa» hartu dute. Ratioen jaitsiera mailakatua izanen da eta zentroen berrikuntza proiektuen eta curriculumaren berrantolaketaren mende egonen da. Hiru urtean behin ebaluatuko da emaitza akademikoetan, ikasleen emozio eta gaitasunetan, eskolako giroan zein irakasleen ongizatean zein eragin duen ikusteko, baita proposamena gainbegiratzeko ere.
Sindikatuek Hezkuntza Sailak egindako urratsa baloratu zuten; «puntu horiek guztiak fintzeko definizio zehatz eta zuzen bat» eskatu zuten, ordea. Orain, sindikatu bakoitzak bere azterketa eginen du. Gero, sindikatuen arteko batzordean ados jarri, eta beren ekarpenak bidaliko dituzte ostiral honetan.
Datorren asteartean eginen duten bileran azalduko diote sindikatuek Gobernuari formalki beren jarrera.