Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Jauregia

Bada, ez den leku batean, jauregi bat. Inork ezin du ikusi, ez dago haraino eramango duen biderik, ez dago inongo mapatan. Baina izan, bada.

Ezin da jakin ze itxura duen, inguruan zelai berde ederrik duen edo ate handirik duen sarreran. Hala ere, izan dira bertan egon direnak, diotenez. Haraino heldu nahi duen bidaiariak ur mara bilatu beharko du. Begiratzen jakin beharko du, dagoenaren baitan dagoena deskubritzen, izan nahi duena begiratzen. Harrien zauriekin, zuhaitzen murmurioarekin, lurraren arnasarekin bat egiteko denbora hartu beharko du, denboratik irten arte.

Atseden hartu beharko du jauregia ez den etxolan, eta bere hitzak entzun, asmatu, jolas bihurtu. Hitza atsedena dela ulertu. Eta jarraituko du bilaketan, jauregirako bidea aurkitu nahi badu, inon ez den jauregi hori, baina izan badena. Bidariak pentsamendua baino azkarrago dabilen zaldia ikusiko du, beharbada. Egurra bezain sendoa eta koloreak bezain arina den zaldiari hitz egokiak xuxurlatuz, inon ageri ez den jauregira helduko da eta, orduan, dena desberdina izango da.

Alkizan, Koldobika Jauregiri egindako omenaldian, irudimenak eta hitzek haizearen zirimoletan zeharkatu zituzten bildutakoak. Eta mara-mara laztandu zituzten, baden eta ez den Jauregi liluragarria deskubrituz, bizitza efimeroa nola.