GARA

Hitz-jolasa Elhuyarren hiztegiaren Atarian

Hitz-jolasa txertatu du Elhuyarrek bere hiztegiaren atarian. Azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun ahal izango dira egunero.

Elhuyarrek sortu duen hitz-jolasa, Hiztegiaren atarian.
Elhuyarrek sortu duen hitz-jolasa, Hiztegiaren atarian. (ELHUYAR)

Elhuyarrek hitz-jolas bat jarri du martxan bere hiztegiaren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera zuzena errepasatu eta hobetzeko.

Agudo eta aise, bost galdera berri erantzun ahal izanen dituzte egunero. Ekimen honen bultzatzaileek azaldu dutenez, «guztiok idazle bihurtu gaituen aro digital honetan, hizkuntza-mailaren inguruko kezka piztu da. Eta, hori aintzat hartuta, hitz-jolasaren helburua da erabiltzaileei laguntzea akatsak antzematen eta horiek zuzentzen».

Horretarako, Elhuyarrek segundo gutxi batzuetan egiten den ariketa bat sortu du.

Hitz-jolasaren erabiltzaileari bost galdera erantzutea proposatuko diote, bi erantzunen artean aukeratuz. Amaieran, erabiltzaileak emaitzak aztertu ahal izango ditu, asmatutako galdera-kopurua eta erantzun egokiak ikusita. Galderak askotarikoak izanen dira: ortografia, deklinabidea, sintaxia...

Hitz-jolasa bi tokitan aurki daiteke: Elhuyarren sare sozialetan eta Elhuyar Hiztegiaren atarian. Probatu nahi duenak hortxe ditu dagoeneko bost galderak.