Imanol CARRILLO
ATHLETIC

Lehoiek ez dute inolako oztoporik aurkitu gailurrerako bidean

Duela 44 urte Everesteko gailurrera ikurrina eraman zuten Martin Zabaletari eta Pasang Tembari omenaldia egin zien klub bilbotarrak, eta, ondoren, jokalariek erakustaldia eskaini zieten zelaian.

Berenguer eta Iñaki Williams, partidako protagonista handienak, laugarren gola ospatzen.
Berenguer eta Iñaki Williams, partidako protagonista handienak, laugarren gola ospatzen. (Jon URBE | FOKU)

Egun berezia zen atzokoa. Zaleek bazkalordua aurreratu behar izan bazuten ere, San Mamesek giro oso polita erakutsi zuen 46.713 ikuslerekin, eguzkia lagun izan zutela. Nazioarteko partidek Liga geldiarazi dute azken egun hauetan, eta emaitza on bat ateratzea ezinbestekoa zitzaion Athletici, datozen asteetan datorkionari aurre egiteko; are gehiago, azken jardunaldian Gironan galdu ostean, eta baita Oscar de Marcosen 415. partida garaipen batekin ospatzeko ere.

Berezia kirol arlotik, baina baita emozio aldetik ere. Bularreko Minbiziaren aurkako Munduko Eguna ospatzen zenean, duela 44 urte Everesteko gailurrera ikurrina eraman zuten Martin Zabaletari eta Pasang Tembari omenaldia egin zien klub bilbotarrak, eta, ondoren, jokalariek erakustaldia eskaini zieten zelaian.

Izan ere, lehen zatia besterik ez zuten behar izan bere talde ohiaren aurka aritu zen Ernesto Valverderen jokalariek Espanyol hondoratzeko. Lehoiek hiru gol sartu zituzten lehen 45 minutuetan. Lehenengoa, seigarren minutuan. Dani Vivian atzelariak belaunaz sartu zuen neurketako aurreneko gola korner batean. Eta ordu erdira iritsi baino lehen, minutu bateko diferentziaz, Iñaki Williamsek beste bi gol egin zituen, biak Berenguerren pasez.

BERENGUERREN SARIA

Bigarren zatian, ordurako bi gol pase eman zituen Alex Berenguerrek bere sari pertsonala lortu zuen laugarrena eginda, eta haurdun dagoen bikoteari eskaini zion. Area barruan atzelari bati iskin egin eta partida erabakita utzi zuela esan zitekeen.

Espanyolek 4-1ekoa egitea lortu zuen 92an. Baina berdin zuen, gailurrerako bidean ez zen beste oztoporik izan.