Urtzi URRUTIKOETXEA
AEB-ETAKO PRESIDENTETZA HAUTATUKO DUTEN ESTATU ERABAKIORRAK (III)

Mendebaldeko lehia Etxe Zurira bidean: Arizona eta Nevada

Itxura guztien arabera AEBetako hauteskundeak alde batera edo bestera eramango dituzten zazpi estatuetatik hegoaldean dauden laurei Sun Belt edo «eguzkiaren zerrenda» deitu diete. Horietako bi, jendetsuenak, ekialdean dauden Georgia eta Ipar Carolina dira. Mendebaldean, Arizona eta Nevada ere estu-estu ageri dira inkestetan.

Kamala Harris hautagai demokrata, Arizonako Rawhide Event Centereren joan den ostegunean eman zuen mitinean.
Kamala Harris hautagai demokrata, Arizonako Rawhide Event Centereren joan den ostegunean eman zuen mitinean. (Eduardo BARRAZA/ZUMA Press Wire-DPA-EUROPA PRESS)

Gainerako lurraldeak beste hauteskunde botorik ez duten estatuak dira (hamaika eta sei, hurrenez hurren), baina presidentetzara iristeko beharrezko azken bultzada eman diezaiokete Kamala Harrisi edo Donald Trumpi. Batez ere, ekialdeko bost estatuetan berdinketa egonez gero, edo korapilo legalek emaitzen argitalpena atzeratzen badute. Agertutako inkesten datuak konparatuz proiekzioa egiten duen Five-Thirty-Eight gunearen arabera, Arizonan Trump dago Harrisen aurretik puntu eta erdiko aldearekin, eta Nevadan hautagai demokrata 0,7 puntu dago Trumpen aurretik. Hau da, batean zein bestean, Nevadan bereziki, errore tartearen araberako iragarpenak dira.

Ekonomia, immigrazioa, abortua, oro har estatu guztietan ageri dira antzeko kezkak, baina batzuetan besteetan baino nabarmenagoa da gai zehatz batek pizten duen ardura. Mexikorekiko muga luzea daukan Arizonan immigrazioa da hori, bistan da. Donald Trumpek oso behean ezarri zuen immigrazioari buruzko eztabaidaren maila duela zortzi urte, baina are argudio baxuagoetara amildu da kanpaina honetan immigrazioa eta delinkuentzia lotzerakoan, haitiarrek maskotak jaten dituztela esatean, kasurako. Bere kanpainaren gako nagusietako bat herrialdean legezko agiririk gabe omen dauden hamaika milioi migratzaileak (edo are gehiago, esan izan du) deportatzea da.

IMMIGRAZIOA ETA ABORTUA

Era berean, AEBetan latino biztanle gehien dituen laugarren estatua da Arizona, askoz populazio handiagoa daukaten New York, Texas eta Kaliforniaren atzetik. Arizonako hiru herritarretatik batek latinoamerikar jatorria dauka. Basamortuaren erdian hazkunde handiena ageri duten Phoenix eta Tucson hiriei erreparatuz gero, are nabarmenagoa da, ehuneko 45 inguru baitira latinoak. Horrek, berez, gaia beste modu batera lantzea dakar. Baina mugaldeko latinoen artean gehienak demokratak izanda ere, gero eta gehiago dira, gainerako estatubatuarren gisan, immigrazioaren aurkako neurri gogorren alde ageri direnak. Batzuk besterik gabe AEBetan egokitu direlako, beste batzuk kriminalitateari buruzko zurrumurruak sinetsi dituztelako -estatistikek beherakada esanguratsua erakutsi arren 2023an-, kontua da migrazioa kanpainako auzi garrantzitsuenetakoa bihurtu dela. Besteak beste, demokratek ere erosi duten markoa delako. Migratzaileen aldeko elkarteak hasearrarazi zituzten neurriak adostu zituzten Senatuan urte hasieran, eta Joe Bidenen gobernua neurriok ezartzeko prest egon zen: mugazain kopurua handitzea, diru horniketa ugaritzea eta, errepublikanoek eskatu bezala, mugako harresian kilometro gehiago eraikitzea aurreikusten zuen. Trumpek proposamena ez onartzera behartu zituen errepublikanoak, eta, ondorioz, ez zuen aurrera egin. Egun, demokratek daukaten argudio nagusia da haiek ere gai direla neurriak gogortzeko immigrazioari aurre egiteko.

Kontuak kontu, Arizonak «cowboy» lurraldearen fama izanda ere, errealitatea konplikatuagoa da. Elkarte solidarioek bidoiak bete ur banatu dituzte Sonorako basamortu mugaldeko leku askotan. Eskuin muturreko miliziek, berriz, tiroz zulatu dituzte ontziotako batzuk. Bata zein beste, Arizonako errealitatea dira. Konplexutasun hori ulertzeko, presidenteaz gain, arizonarrek egingo dituzten beste hautuei begiratzea komeni da.

Senaturako aulki bat ere bozkatuko dute, eta 2022an bezala aurkeztuko da Kari Lake eskuin muturreko politikari polemikoa. Trump baino muturrekoagoa den mezuak ez zion onurarik egin duela urte bi, eta aurten nabarmen leundu ditu adierazpenak, gai bati buruz bereziki: abortua. Kontuan izan behar da Arizonako Auzitegi Gorenak XIX. mendeko arau murriztaile bat Estatuko lege bihurtu zuela (lurraldea ez zen AEBetako estatu bihurtu 1912ra arte), gero Arizonako kongresuak hura baliogabetu bazuen ere.

Orain, ohiko hauteskundeez gain, erreferenduma egingo dute Arizona abortu eskubidea Konstituzioan txertatzeko, eta haurdunaldiko 22-24. astera arte legeztatzeko (egun, 15 astekoa da muga). Erreferenduma egiteko, 578 mila sinadura bildu zituzten, beharrezkoak baino 200 mila gehiago. Demokraten itxaropena herri mugimendu horretatik dator.

INDIGENAK

Joe Bidenek 10.000 botogatik irabazi zuen Arizonan 2020an. Botoen ehuneko bat baino gutxiago da hori. Indigenak Arizonako herritarren ehuneko bost izanik, zeresan berezia izango dute bozketan, eta ez da harritzekoa bi alderdiek berariaz egin izana haiei zuzendutako mezuak. «Sentipena dut natiboek eraman zutela bozketa demokraten aldera», aitortu zion NPR kazetari Trumpen aldeko kanpainan diharduen Ina Noggle navajoak. Badaki gutxiengoan dagoela, eta badaezpada ere Alderdi Demokratak inoizko dirutza handiena inbertitu du berariaz indigenei zuzendutako mezuetan.

Nevada eta Arizonako indigenen buruzagiak eta gazte-elkarteak Kamala Harris eta Tim Walzekin elkartu ziren joan den astean. «Benetan uste dut herri indigenen harremana sakratua dela, eta errespetatu egin behar dugu herrien subiranotasuna, berretsi tratatuek ezartzen dizkiguten beharrak, eta herrien autodeterminazioa bermatu», esan zuen presidentegai demokratak. Nevadako Lake Pyramid erreserbako paiute herriak historian lehen aldiz hautagai baten alde egin du, Harrisen alde zehazki, egungo exekutiboak herri indigenei inoiz baino dirulaguntza gehiago eman diola eta natibo ugariri gobernu ardurak eman dizkiola argudiatuta.

Immigrazioaren gaian mugako harresia izan da hizpide nagusietako bat azken zortzi urteotan. Gutxiago aipatu da, ordea, Mexiko eta Estatu Batuak bereizteaz gain, muga horrek eta harresi horrek herri indigena bat ere erdibitzen duela. Tohono O’odham tribuak salatu duenez, haien erreserbaren erdian eraiki dute harresia, eta mugaz bestaldean ere badituzte herrikideak.

NEVADAKO BEREZITASUNAK

Arizona legez, Nevada ere swing state edo estatu erabakigarrietako bat da. Baina mendebaldean egonik, ekialdeko ordutegitik hiru ordu atzera, estatu honetako emaitza jakiten denerako gerta liteke garailea argi egotea. Hala gertatu zen duela zortzi urte, esaterako. 2024an aipatzen diren zalantzazko zazpi estatuetatik seik Trumpen alde bozkatu zuten 2016an; Nevada izan da ziklo honetan guztian demokraten alde egin duen bakarra, nahiz eta alde txikiz izan. Baina, Las Vegas eta Reno bertan izan arren, oro har basamortua nagusi den eta biztanle gutxiko estatua da Nevada; horregatik sei hauteskunde boto baino ez ditu presidentearen hautaketan, eta gainera Pazifikoko ordutegia dauka. Hala, 2016an Hillary Clinton Nevadan nagusitu zela jakin zenerako, demokratek ez zeukaten zereginik, Trump baitzen garaile gainerako estatu lehiatuetan.

Pazifikoko datuak jakiten direnerako emaitza estu balego (Pennsylvania edo Georgiako azken emaitzak izaten direnerako egunak igarotzea gerta litekeelako), garrantzia izango lukete Nevadako sei botoek. Horrela ulertzen da bai Trumpen bai Harrisen taldeek Nevadan antolatutako ekitaldi kopurua, eta zenbat aldiz etorri diren bi hautagaiak bertara.

Badute antzekotasunik eta ezberdintasunik Nevadak eta Arizonak. Inkestetan, inflazioa eta immigrazioa ageri dira bi estatuetan gai nagusi gisa. Arizonan abortua dator atzetik, ziurrenik bertan Nevadan baino gehiago murriztu delako eskubidea. Azken estatu horretan babes handia dauka haurdunaldia eteteko eskubideak, baina Arizonan bezala Nevadan ere erreferendumera eramango dute gaia, estatuko eskubide konstituzional bihurtzeko herritarrek hala erabakitzen badute. Hau da, babes-maila gorena lortzeko; Estatuko gobernadorea edo Kongresuaren ordezkaritza aldatzen diren egunean ere eskubidea ezabatzerik ez dutela ziurtatuz.

Nevadan ere, Arizonan bezain handia ez izan arren, nabarmena da latino biztanleen kopurua. Bi estatuetan antzeko joera dago: Kamala Harrisen aldekoak gehiago dira komunitate latinoari orokorrean egindako inkestetan (“USA Today”-k egindakoak %56-57an zeukan hautagai demokrata, eta errepublikanoa ehuneko 40tik behera). Zehatzago begiratuz gero, baina, aldeak nabari dira sexuaren eta adinaren arabera: 50 urtetik beherako gizon latinoen artean gehiago dira dagoeneko Trumpen alde bozkatuko dutela esaten dutenak.

Nevadan proposatutako gai zehatz batek herrialde osoan oihartzuna izan du: Trumpek ekainean agindu zuen ostalaritzan eman ohi diren eskupekoei zergak kenduko zizkiela. Las Vegasen esan zuen, milaka lagunek hotel, taberna zein kasinoetan lan egiten duten eta diru sarreren zati handi bat eskupekoetatik lortzen duten hirian. Kamala Harris presidentegai hautatu zutenean, bere egin zuen Trumpen promesa, demokrata asko ere oharkabean hartuz. Neurri populista da, baina izan dezakeen eragina kezka adierazi dute batek baino gehiagok: lehenik eta behin, ez diolako arazoaren funtsari heltzen, hau da, gutxieneko soldataren zati txiki bat besterik ez ordaintzea ugazabek legezkoa dela zenbait negoziotan, eskupekoekin soldata osatzen delakoan. Eta gehienetan diru sarrera txikia duten langileentzat kaltegarria ere izan daiteke gizarte segurantzan are ekarpen txikiagoak egitea.