EH Bilduk arrazakeria instituzionalaren aurkako ekimenak erregistratu ditu
EH Bilduk giza eskubideen aldeko eta arrazakeria instituzionalaren aurkako ekimenak erregistratu ditu Europako Parlamentuan, baita Gasteizko eta Iruñeko ganberetan ere. Ursula von der Leyenen proposamena gaitzetsi du.
EH Bilduko Pernando Barrena eurodiputatuak, Diana Urrea Gasteizko Parlamentuko parlamentariak eta Javier Arza Nafarroako Parlamentuko parlamentariak ekimenak erregistratu dituzte giza eskubideen alde eta arrazakeria instituzionalaren aurka.
Batera egindako ekintza horren xedea, koalizioak ezagutzera eman duenez, «Euskal Herrian dauden gehiengo progresistak nabarmentzea da, elkarrekin Europari eta munduari erakusteko pertsona migranteen eskubideetan atzera pausorik onartzen ez duen nazio antifaxista garela».
EH Bilduk kezkaz bizi ditu azken aldiko gertaerak, bereziki Ursula von der Leyenen proposamena, zeinak migranteen deportazioak azkartzea ahalbidetuko duen, baita Europako Batasunetik kanpo deportazio zentroak ezartzea ere, Giorgia Meloniren ereduari jarraituz. Italiako auzitegiek proposamena bertan behera utzi badute ere, «egunetik egunera, ziurgabetasuna areagotu egiten da, ahulenen kaltetan», adierazi du koalizioak.
Gainera, ezker independentistak «are kezkagarriagotzat» jo du, besteak beste, Estatu frantsesak, «migrazio politikak gogortzea, mugetako kontrolak areagotzea eta deportazioak azkartzea eskatu izana».
Testuinguru horretan, Barrenak nabarmendu du «agerian geratu dela ez dela behar ultraeskuina gobernuetan egotea bere agenda aurrera ateratzeko. Ohartarazi izan dugun moduan, Von der Leyenek ultraeskuin “onak” eta “txarrak” desberdintzen jarraitzen du».
Gaineratu du migranteak beste herrialde batzuetara deportatzea ahalbidetzea, haien egoera argitu bitartean, «giza eskubideen oinarrizko printzipioak urratzen dituen astakeria da». The Left europar ezkerreko parlamentuko taldekideekin batera, Barrenak «eskuin muturraren zuriketa onartezina geldiarazteko» asmoa dauka, «tinko» aurre eginda.
Hori dela eta, EH Bilduk «ezinbestekotzat» jo du «euskal nazioaren esentzia» aldarrikatzea, «izaera solidarioa eta konpromiso antifaxista» dituena. «Euskal Herriak eta bertako herritarrek arrazakeria, diskriminazioa eta berehalako deportazioak arbuiatzen ditu. Beraz, errespetuan, berdintasunean eta duintasunean oinarritutako migrazio politiken aldeko apustua egiten dugu», adierazi du.
KONPROMISOA IKUSARAZI
«Funtsezkoa» iruditzen zaie «Gasteizko eta Iruñeko ganberek migratzaileen eta errefuxiatuen giza eskubideen alde duten konpromisoa ikusaraztea, Europako liderrak eta erakundeak sustatzen ari diren politika eta diskurtso arrazista eta xenofoboen aurrean». Halaber, espero dute erregistratutako ekimenak «gainerako talde politikoen ekarpenekin aberastu daitezela», eta ganberetan datozen asteetan onartu ditzaten.
Adierazpena «beharrezkoa» dela uste dute, «azken asteotan ikusi baitugu Euskal Herria ere ez dagoela ultraeskuinaren mehatxutik salbu». «Gure herriko parlamentuetan ordezkaritza oso txikia duten arren, giroa nahasi eta eztabaida politikoa kaltetzeko ahaleginean dihardute, immigrazioaren gaia era zitalean erabiliz», azpimarratu du EH Bilduk.
Diana Urreak, bestalde, aipatu du EH Bilduk «leial» izaten jarraituko duela «Eusko Legebiltzarrean ultraeskuinaren aurrean babes harresia eraikitzeko konpromisoarekin». Parlamentariaren esanetan, «herri honetan gutxiengoa direnek ezin dute ez giroa ez eztabaida politikoa baldintzatu».
Joan den ostegunean ultraeskuinak Gasteizko parlamentuan bultzatutako ekimen batek agerian utzi zuen «gizatasun falta eta herri honetan tokirik ez duten diskurtsoei oihartzuna emateak daukan benetako arriskua», Urrearen aburuz. Ultraeskuinaren ekimen hori Nafarroako Parlamentuko mahaiak bertan behera utzi zuena da, zeinak «inbasio migratorio» kontzeptua jasotzen baitzuen.