Alfontso DIEZ

EGOITZA BERRIA, KALERA BEGIRA

Eusko Ikaskuntzak bulego berriak estreinatu ditu Donostian. Ana Urkiza lehendakariaren hitzetan, «irisgarriagoak gara orain».

Eusko Ikaskuntzak egoitza berria inauguratu zuen, atzo, Donostian.
Eusko Ikaskuntzak egoitza berria inauguratu zuen, atzo, Donostian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Azken 30 urteotan Miramar jauregian izan duen eremua atzean utzi eta ibilbide berriari ekin zion atzo Euskal Ikaskuntzak, Donostiako Bergara kaleko 19. zenbakian bulego berriak inauguratuta. Ana Urkiza lehendakariak irekitze ekitaldian honakoa adierazi zuen: «Egoitza berri honek aldaketa bat dakar: ez bakarrik itxura gaurkotu eta modernoagatik, baizik eta asmoetan ere agerikoa delako kalera irekitzen garela. Irisgarriagoak gara orain: topaleku eta lanerako gunea izan nahi dugu, sinergiak bultzatu eta elkarlanerako aukerak biderkatuko dituena bazkide zein eragileengandik gertuago gaudela». 1918an sortu zenetik, bosgarren egoitza nagusia du Bergara kaleko hau Eusko Ikaskuntzak: lehenengo etapan, 36ko gerra hasi arte, Gipuzkoako foru jauregian egon zen; 1978an berrezarri ondoren, Txurruka kaleko 7an (1982-1987), Legazpi kaleko 10ean (1987-1994) eta Miramar jauregian (1994tik hona). Eneko Goia Donostiako alkatea ere inaugurazio ekitaldian izan zen eta honakoa helarazi zien bertaratutakoei: «Donostiaren erdigunean Eusko Ikaskuntza izatea ohore bat da; jakintza eta pentsamendurako ezinbestekoa da».